Igandean itxiko da Hitz-Erdiko Kontaketak euskarazko ipuin laburren lehiaketan parte hartzeko epea. Martxoaren 14ra arte jasoko dituzte ZirtZarten parte hartu nahi dutenen lanak. Aurtengo edizioan, “Zoragarria, besterik ez” izango da abiapuntua.

Esaldi horretatik hasita, gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek. Lehiaketa ZirtZart Basaurik -Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak- antolatzen du, Kultur Basaurirekin lankidetzan, eta Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.

Laugarren edizioa da aurtengoa, eta orain arte antolakuntzak denera 226 proposamen jaso ditu. Lehenengo edizioan 89 lan aurkeztu zituzten, 83 bigarrenean eta 54 hirugarrenean. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da, eta horren helburua da “idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea”, azaldu dute Udaletik.

Parte-hartzaile bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz idatzitako mikrokontakizunak. Lau sari egongo dira: lehen sailkatua (200 euroko bonua jasoko du), bigarren sailkatua (125 euroko bonua), hirugarren sailkatua (75 euroko bonua) eta Elkar saria (150 euroko bonua). Argibide gehiago izateko, 94 466 64 30 telefonora deitu daiteke. Baita zirtzart@basauri.eus helbide elektronikora idatzi edo zirtzart.basauri.eus webgunean begiratu.