Basauriko Udalaren Zainduz programak, mendekotasun-egoeran dauden zaintzaileei arreta eta orientazioa emateko zerbitzuak, 300 kontsulta baino gehiago artatu zituen 2020an. Gainera, 43 zaintzaileri arreta psikologiko indibidualizatua ere eskaini zien ekimenak.

Udalak 2016an abiarazi zuen ekimena, “mendekotasun-egoeran dauden edozein adinetako pertsonen zaintzaile ez-profesionalei” zuzenduta dagoena (normalki, senitartekoak etortzen dira), aipatu dute udaletik. Honako hauek eskaintzen zaizkie: informazio-zerbitzua, prestakuntza-ikastaroak, laguntza, orientazioa eta arreta psikologikoa, banakakoa zein taldekakoa.

2020an zehar, koronabirusa dela eta, Zainduz programak lan-metodologia berriak ezarri behar izan zituen bere programa eta esku-hartzeetan, “unean-unean indarrean zegoen osasun-araudira egokitzeko”. Horrela, bada, “informazio eta laguntza psikologiko zerbitzuak telefonoz eta posta elektronikoz eman behar izan dituzte, prebentzio-neurriek arreta presentziala mugatu dutenean”.

Aipatzekoa da, arreta eta orientazio zerbitzuak 336 kontsulta artatu zituela, eta 43 zaintzailek arreta psikologiko indibiduala jaso zutela. Prestakuntzaren alorrean, berriz, Dementziak eta egoera zailak ikastaroa eskaini zuen. Helburua izan zen “zain-tzaileek mendekotasun-egoeran dauden senitartekoak artatzeko ezagutzak eta trebetasunak berenganatzea, senitarteko horien oinarrizko eta eguneroko beharrizanak aintzat hartuta”.

lankidetza garrantzitsua

Gainera, Basauriko Udaleko Adinekoen Atalarekin lankidetzan aritu zen Zainduz: zaurgarritasun-egoeran zeuden basauriar adinekoekin harremanetan jarri, eta, haien jarraipen telefonikoa eta kontrola egiteaz gain, “laguntza psikologikoa eskaini zieten, horretarako beharra ikusi zuten kasuetan”, azaldu dute.

Laguntza

adineko

Joan diren hilabeteetan zehar, egungo egoerak bultzatuta, “adineko batzuen egoera emozionalak okerrera egin du, eta guk laguntza eskaini diegu, bizi dugun honi guztiari aurre egin ahal izateko; adinekoek beren burua zaintzeko ohitura osasuntsuak ere sustatu ditugu; eta, beharrezko ikusi dugun kasuetan, psikologo baten laguntza izan dute”, azaldu du Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotziak.