Martxoaren 14ra arte jasoko dituzte ZirtZarten Hitz-Erdiko Kontaketak euskarazko ipuin laburren lehiaketaren 2021eko ediziorako lanak. Aurtengo edizioan, “Zoragarria, besterik ez…” izango da abiapuntua. Esaldi horretatik hasita, gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek. Lehiaketa ZirtZart Basaurik -Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak- antolatzen du, Kultur Basaurirekin lankidetzan, eta Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.

“12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea”, azaldu dute Udaletik. Parte-hartzaile bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz idatzitako mikrokontakizunak. “Nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu parte-hartzaile bakoitzak, 2021eko urtarrilaren 14tik martxoaren 14ra bitartean, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez”.

Lau sari egongo dira: lehen sailkatua (200 euroko bonua jasoko du), bigarren sailkatua (125 euroko bonua), hirugarren sailkatua (75 euroko bonua) eta Elkar saria (150 euroko bonua). “Azken horretan 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dira aintzat hartuko”.

“Laugarren edizioa dugu aurtengoa, eta orain arte antolakuntzak denera 226 proposamen jaso ditu”. Lehenengo edizioan 89 lan aurkeztu zituzten, 83 bigarrenean eta 54 hirugarrenean. “Iazko formatuari helduta, laugarren edizio honek ere deialdi bakarra du (urtarrilaren 14tik martxoaren 14ra bitartean)”. Azken deialdian Nagore Atorrasagasti Magaña leioarra izan zen irabazlea, eta Martina Villate Martinez gazte bilbotarrak bereganatu zuen Elkar saria. Argibide gehiago izateko, 94 466 64 30 telefonora deitu daiteke. Baita zirtzart@basauri.eus helbide elektronikora idatzi edo zirtzart.basauri.eus webgunean begiratu.