Lorena Eguiguren, Saioa Eguiguren, Naroa Etxegaray, Alba Llosa, Ainara Maroto eta Ane Valerok Etxebarriko ondarea goraipatu dute #instaOndarea lehiaketa irabazi duteBHIko Batxilergoko ikasleak

Urrian hasi ziren lanean, lehiaketan izena eman ondoren. Etxebarriko ondarea sare sozialen bidez ezagutarazteko proiektua martxan jarri zuten orduan. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako ekimen hau Kontaiguzu Ondarea programa zabalean kokatu da.Kontaiguzu Ondarea Programa hori bereziki hezkuntza-arloari buruzkoa izan da.

Zentzu honetan, "parte hartzen zuten gazteek, irakasleen laguntzarekin, argazkiak eta dokumentuak igo behar zituzten sarera, eta bilaketa eta ikerketa-lana egin ondoren Instagramen zabaldu", azaldu dute Etxebarriko Udaletik. Bakoitzak bere udalerrian egin behar zuen lan guzti hau.

Etxebarriko kasuan, ondarea ezagutzera emateko @etxebarri.ondarea kontuaren bidez egin dute, eta "egun, 700 jarraitzaile baino gehiago dituzte". Bizkaiko beste talde batzuekin lehiatu ostean, etxebarritarrek Europako hiri batera bidaiatzeko saria jaso dute gainera. Beraz, saria bikoitza izan da.

Proiektu zabala

Etxebarriko institutuko bost ikasleek landu duten proiektua luzea izan da eta hainbat atal ditu. Horietan guztietan, oro har, Etxebarriko ondare-elementuei buruz hitz egin eta informazioa eman dute. Baina beste era batera egitea zen kontua. Horretarako, adibidez, Pasapalabra estiloko lehiaketa moduko bat sortu zuten, baina maila lokalean, noski. Bere proiektuaren beste atal bat Etxebarriko ondareari buruzko informazioa duen escape room bat asmatzea izan da.

Udalerriko hezkuntza ere ez dute alde batera uzti; izan ere, aurtengo Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, Etxebarrin, eskola zaharrei eta horien bilakaerari buruzkoak izan ziren. Baina argazkiak eta elkarrizketa batzuk ere ez dira falta izan, eta, beraz, zalantzarik gabe, tokiko ondareaz asko irakasten duen proiektu bat sortu dute.

Etxebarriko Udaletik aipatu duten bezala, "ekimen bereziki interesgarri hau lagungarria izan daiteke gazteen artean Ondarearekiko kontzientzia eta interesa sustatzeko eta zabaltzeko". Alkateak harrera egin zien irabazleei udaletxean, eta eskerrak eman zizkien egin duten ahaleginagatik, eta zorionak eman zizkien Bizkaia osoko ikasleekin lehiatu diren lehiaketa honetan lortutako garaipenagatik. Zoriondu ondoren, eta egindako lana eskertzeko, Udalak Etxebarriko Toponimia liburuaren ale bat oparitu die. Liburu horretan udalerriko toponimia aztertzen da eta Etxebarriko Udaleko Arlo Soziokulturalean dago salgai.

Lehiaketa positiboa izan da, gainera, talde-lana indartzeari begira. "Zuen inguruko ondarea instagrameatu, eta, horrela, eduki dinamikoa, benetakoa eta askotarikoa sortu. Profilik onena sortzeko elkarrekin norgehiagoka ari izango zarete eta edukiaren kalitatea, originaltasuna eta sare sozialaren bidez inpaktua jasan duten pertsonen kopurua neurtuko", aipatu zuten antolakuntzatik lehiaketa martxan jartzerako orduan.

Ondare Jardunaldiei dagokienez, Etxebarrin bisita gidatu bat egin zen Etxebarriko Ikastetxeak atzo eta gaur izenburupean. Bisita horretan, Etxebarriko hezkuntzaren bilakaera gertutik bizi izan duten pertsonek hartu zuten parte, hala nola irakasleek edo ikasleek.