Urteko azken hilabetearen etorrera ospakizun, poz eta ilusioaren sinonimoa da. Txikienak dira gabonak gehien bizi dituztenak, eta aurten egingo diren ekitaldiak ezberdinak izango diren arren, Etxebarrik, Olentzero eta Mari Domingi bertan egon behar direla erabaki du. Aurten, gainera, berrikuntza nagusietako bat telefono deiak egingo direla da. Horrela, Olentzerok eta Mari Domingik Etxebarriko 4-8 urte bitarteko umeei deituko diete.

“Hain urte korapilotsua den honetan, zailtasunak-zailtasun Olentzero eta Mari Domingi gure artean egongo dira Etxebarriko ume guztiekin banan-banan eta aurrez aurre, segurtasun arauak beteta beti ere”, azaldu dute Udaletxetik. Argi dago garai honetan umeek, beste batzuekin batera, gogor sufritzen ari direla covid-19gatik martxan jarri diren hainbat neurri eta mugak.

Hori dela eta “uste dugu Olentzero eta Mari Domingik gure herriko umeekin egotea inoiz baino beharrezkoagoa dela”. Horregatik, “bi ildo markatu dira hasiera-hasieratik ospakizun honetan, alde batetik; aurten ez da kalejirarik egingo Olentzero eta Mari Domingi idien gurdiaren gainean kaleak zeharkatzen”. Beste alde batetik, beste urteetako jende multzoa saihesteko Olentzero eta Mari Domingi hainbat egunetan Etxebarriko umeekin egoteko aukera emango da, presentzialki eta telefono deien bidez.

Abenduaren 14tik 18ra www.etxebarri.eus, Etxebarriko 4-8 urteko umeei Olentzerok edo Mari Domingik telefonoz deitzeko. Deiak abenduaren 21ean eta 22an egingo dituzte, 17.00etatik 20.00etara. Baina gainera, abenduaren 22an eta 23an, bietan goizez, “Etxebarriko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetara joango dira bertako 2-9 urte bitarteko umeei bisita egitera”.

Abenduaren 23an Kukullaga San Antonio haur hezkuntzako ikastetxeko patio estalian 17.00etatik 20.00etara, eta abenduaren 24an Bekosolo parkeko liburutegiaren atzealdean aurkitzen den Elkartegunea eraikinean (aspaldiko haurtzaindegia) Olentzerorekin eta Mari Domingirekin presentzialki egoteko aukera egongo da. Nahitaezkoa izango da izena ematea, abenduaren 18rarte www.etxebarri.eus estekan sartuz.

Etxebarriko 0-9 urteko umeek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izango dute bi egun hauetan. “Hauek ikastetxeko bisitatik kanpo eskainiko diren aukerak dira, Etxebarriko ume guztiei zuzenduta, aurretik hartu beharreko hitzordua eta aforoak izango direlarik muga bakarrak”. Honen inguruan azalpen eta argibide gehiago jasotzeko Etxebarriko Arlo Soziokulturalera deitu edo idatzi daiteke: 944267005 telefonoaren bitartez edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus posta elektronikoan.

Gabonetako argiak

Baina egun horiek iritsi arte, eta urte zail honen amaiera nolabait animatzeko, Etxebarriko Udalak Gabonetako argiak piztu ditu. Udalaren jabetzakoak diren elementuak jarri dira, eta, bestetik, alokatu diren eta 4.500 euroko (BEZa barne) gastua dakarten hiru dekorazio-zuhaitz. Zuhaitz horiek Amezola kalean, San Antonio etorbidean eta Santa Marina kalean kokatu dira. “Udalaren jabetzakoak diren elementuak jartzea eta energia-gastua argiteria publikoaren kontratu orokorrean sartuta daude, eta, beraz, ez da gastu erantsia”, azaldu dute Udaletik.

Elementu horien artean, sei zuhaitz natural led argi-zerrendekin apaindu dira, “biribilguneetan eta erreferentziazko beste leku batzuetan”. Baita 50 apaingarri inguru jarri ditu Udalak faroletan (horietako 10 berriak dira). Farola horiek udalerrira sartzeko eta bertatik igarotzeko gune nagusiak lehenetsiz kokatu dira. Gainera Udaletxeko fatxadan dagoen ezkutu munizipala apaindu da. Beste alde batetik, Etxebarriko merkatari eta Profesionalen Elkartearen jabetzakoak diren eta ekimen honetan ere parte hartzen duten elementuak jarri dira.

Aurten Udaleko Arlo Soziokulturalak Gabonetako Zuhaitzen Dekorazio Parte-hartzailea izeneko ekimena jarri du abian, herritarrek hiru zuhaitz natural apainduko dituztelarik. Argiztatzen ari diren zuhaitz horiek San Esteban hiribidean, Kiroldegi plazan eta Zintururi plazan daude.” Lehenengo biak ekimen hau aurrera eramateko erosi dira eta hirugarrena Javiren zuhaitza deritzona da, Gabonetan Gabonei kolorea emateko ilusio guztia jartzen zuen udalerriko bizilaguna”.