GALDAKAO. Galdakaoko herritarrek kulturaren munduan murgildu ahal izango dira abenduaren 14tik 20ra bitartean herrira helduko den Sormene ekimenari esker. Egun horietan, Torrezabalko plazak antzerkia, literatura, ilustrazioa, dantza, musika, tailerrak eta abar jasoko ditu. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, ekintza batzuk streaming bitartez jarraitu ahal izango dira.

Askotariko hamaika jarduera bilduko ditu sormenen plaza izango den horretan, oinarri komun batzuekin: kultura, euskara eta emakumea; kultur disziplina ugari bilduko dira aste osoan zehar, euskaraz izango dira guztiak, eta emakume sortzaileenak %80tik gora. Herritar, sortzaile eta kultur zaleen bilgune izango da. Galdakaotik Euskal Herrira jauzi egingo duena, eta Euskal Herritik Galdakaora. Denboran irauteko helburuz jaioa, heltzear da Sormene.

Lau erronka izango ditu egitasmoak:

  • Sormena: pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko bitarteko gisa era sistematiko batean lantzea heziketa prozesu osoan.
  • Plazak: plaza fisikoan eta plaza birtualean euskarazko kulturgintza nagusi izatea.
  • Komunikazioa: euskaraz sortzen dena herritar guztiengana iritsiko dela bermatzea.
  • Transmisioa: kulturaren transmisioa bermatzea etxean, kalean, hezkuntza arautuan eta ez arautuan.

Erronka horiei aurre egiteko, Galdakaoko kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana sustatuko da. "Herri bateko euskalgintzaren eta kulturgintzaren kolektiboa osatzen duten eragileak asko eta asko dira eta ekosistema balitz bezala jokatzen dute", zehaztu du Edurne Espilla Euskara zinegotziak Gotzon Barandiaran Sormeneren programatzaileak sustatutako hausnarketari bide eginda: "alde guztiak osasuntsu agertu behar dira osotasunak denboran iraun dezan, guztiak dira beharrezkoak: Beharrezkoak dira sortzaileak, disziplina artistiko guztietakoak. Beharrezkoak dira ikusleak, sortzaileen lanetatik edango dutenak. Beharrezkoak komunikabideak zabalkundea emango diotenak. Beharrezkoak hezitzaileak eta gurasoak, transmisiorako ezinbesteko katebegiak. Beharrezkoak antolatzaileak, programatzaileak, teknikariak. Eta baita instituzioak ere, konpromisoa hartu eta baliabideak jarriko dituztenak gainontzeko eragileen esku". Horixe da, hain zuzen Galdakaoko Udalaren apustua: plaza berri bat eskaintzea euskal kulturaren ekosistemari.

Apustu horren alde egin du Iñigo Hernando alkateak ere: "Garai zailak datoz. Beste gai batzuek aurre hartu duten garai honetan, kulturaren premia aldarrikatu nahi dugu, eta argi dugu kulturak administrazioen bultzada behar duela; bultzada politiko garbia".

Euskal kultur ekosistemarentzak oinarri sendoak ipini beharra aldarrikatu, eta horretan indar egiteko konpromiso gisa aurkeztu du Sormene alkateak: "Garai zail hauetan, plazak desagertzen ari diren egunotan, plaza berri bat eskaini nahi diogu Galdakaotik euskarari, kulturari, emakumeari, geure buruari".

Ildo berari heldu dio Barandiaranek ere: "euskara eta euskal kultura ahotsa galtzen ari da, eta oso ilun dagoen sasoi honetan euskal kulturarentzat argi bat izan nahi du Sormenek".

Egitarauari berari dagokionez, 14tik 18ra, astegunez, ikastetxeentzako prestatutako tailerrak izango dira goizetan, hainbat disziplinaren inguruan. Arratsaldez, errezitaldi, antzerki, kontzertu eta bestelako emanaldi irekiak izango dira. Asteburuarekin batera, Durangoko Azokako Ahotsenea helduko da Galdakaora. Liburu eta diska aurkezpen etengabeak izango dira 19 eta 20 larunbat eta igandean, eta baita kontzertu, ipuin kontaketa eta dantza saioa ere.

Hartu beharreko babes neurriak kontutan hartuta aforoa nahiko mugatua izango den arren, edonork jarraitu ahal izango ditu ikastetxeei zuzendutakoak diren ekintzak ez beste guztiak, eta edonondik, zuzenean eskainiko baitira streaming bidez.