Asteburu honetan, tranbia Arratiako herrietara itzuli da. Ez da lehen pasatzen zen tranbia, baizik eta tranbia solidario bat. Papa Franciscok deitutako IV. Behartsuen jardunaldia ospatzeko, Caritas Arratiatik ekimen solidario bat antolatu dute eta atzokoa izan zen egun nagusia. Ekimen honen bitartez, jendea kontzientziatzea eta dirua lortu nahi izan da, gero kausa solidario batera bideratzeko.

Horregatik txartelak salgai egon dira Arratiako herrietan, ondoren, hainbat objektu eta opari zozketatzeko. Caritas Arratiako boluntarioen lana izugarria izan da guztia ondo ateratzeko. Aldaketak egitera behartuta egon dira, osasun-neurriak direla eta. Horregatik, atzo, tranbia solidario hau soilik Zenauriraino hurbildu ahal izan zen, eta ez haraneko gainerako herrietaraino, hasiera batean aurreikusi bezala. Baina hala ere, jende ugari bildu zen ekimen solidario hau ospatzeko. Arratiako elizatik azaldu zuten tranbia, oraingoan, furgoneta bat izango zela.

Guztira, 9.612 euro batu ditu Arratiako tranbiak Pobreen Munduko IV. Jardunaldia dela eta. Aurreko urteetan, jardunaldi honi esker, laguntza prestatu zaio hainbat elkarteri; Harribide Fundazioa, Askabide Fundazioa edo Jangela Sozial ezberdinei. Aurten, dirua “etxe bakoen harrera etxe izango den Bakearen Etxea proiektua laguntzeko erabiliko da batutakoa”, azaldu du Joxe Mari Kortazarrek, Arratiako apaiza. Zeanurin emon zitzaion agurra kanpainari baina “tranbiak Arratiako beste herriak ere bisitatuko ditu”, azaldu du.

Esan bezala, osasun baldintzek Zeanuriko jendea hurbiltzea baino ez zuen ahalbidetzen. Andra Mari parrokiaren kanpoaldean, “katekesi familiak aldez aurretik batu dira goiburu erraldoia osatzeko: luzatu eskua pobreari leloarekin. Tranbia sasoiz heldu zen. Osasun-neurriak bete ziren, tenperatura neurtuz, eskuak hidrogelez garbituz eta edukiera errespetatuz.

“Txistuaren soinu alaiak izan ziren alaitasunaren, alkartasunaren eta anaitasunaren festa honen abiapuntua”. Abesteko ere denbora egon zen, ekimen honetarako prestatutako Arratiko tranbiak izeneko zortzikoak, alegia. Bakearen Etxea harrera etxean biziko diren gazteetako batzuk agurtu eta eskerrak eman zieten Zeanurin batu zirenei.

Baina diruaz gain, elkartasun ekimen honen helburua herritarrak kontzientziatzea ere bazen. Ekimena martxan jarri zutenean, antolakuntzatik azaldu zuten bezala, “tranbia zaharrak bere sirena berriro joko du, pobreziaren aurrean axolagabetasuna eta erosotasuna salatzeko helburuarekin”.

Kanpaina honen bidez, inor atzean geratzearen garrantzia ere defendatu da, eta tranbia metaforiko hau gizarte inklusibo baten adibide ezin hobea izan zitekeela pentsatu zuten, “non guztiak lekua dugun, eta gainera, bidai horretan ez da inor kanpoan geratzen, ez bere ideia erlijiosoengatik, ezta bere azalaren kolorearengatik”.

Zozketak

Hainbat sari eskeini dira txartelak erosi dituztenentzako. Danel Elezkanoren kamiseta bat, barazki saski bat... Zozketan ateratarko zenbakiak hauek izan ziren; 1.795, 5.926, 3.382, 2.919 eta 1.973. Sariak 635755351 telefonora deituta eskatu behar dira, gehienez ere hilabeteko epe barruan.

Bosgarren saria, adibidez, Danel Elezkano II pilotariak emandako kamiseta, “Ana Tere Urutxurtu zeanuriztarrak irabazi dau, Lemoan erosi eban txartela! Beste guztiok ondo ulertutako elkartasunaren saria jasotzen dugu”. Kortazarrek dioen bezala “Caritas Arratiako emakume boluntarioek lan eredugarria egin dute borondate oneko pertsona askoren ahalegina koordinatuz. Tranbiak Arratiako gainerako herriak bisitatuko dituela agindu dute, agintariek baimena ematen duten neurrian”.

Aipatzekoa da, Arratiako Tranbia Solidarioa ekimenak hainbat pertsonen basesa lortu duela antolatzen hasi zirenetik. Askok babestu nahi izan dute nolabait elkartasun ekimen hori, eta Arratiako udal batzuek ere lagundu dute.