210 arigunetik gora arituko dira Basaurin Euskaraldiaren dinamikan eragiten, Ahobiziekin eta Belarriprestekin batera. Gainera, hainbat ekintza antolatuko dira urrian eta azaroan herrian, segurtasun-neurriak beteta. Hauen artean, Mintzodromoa, Txor Txor Bakarrizketa, Gorria bertso-dantza ikuskizuna eta Erlauntza, Hil kanpaiak eta Lur eta Amets filmen proiekzioa. Ahobizi eta Belarriprest roletan izena emateko epea irekita dago jada, eta sei Euskaraldia Gune zabalik egongo dira azaroaren 9tik 19ra bitartean, herritarrek izena eman eta txapa jaso dezaten.

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan euskaraz aritzeko helburua du Euskaraldiak aurten. Azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko da ariketa soziala. Basaurin, 140 entitatek eman dute izena Euskaraldiaren dinamikan parte hartzeko eta horietatik 210 arigune sortu dira. Hauei Ahobizi eta Belarriprest izango diren pertsonak gehituko zaizkie. Horrela, izen-ematea dagoeneko irekita dago https://izenematea.euskaraldia.eus estekaren bidez. Antolakuntzatik argi utzi dute babes eta segurtasun-neurri guztiak bermatuta antolatu direla Euskaraldia Basauriko egitaraua osatzen dituzten ekintzak.

Horregatik, “guztietan, maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da, eskuak garbitzeko gela egongo da eta pertsonen arteko distantzia bermatuko da”. Beste alde batetik, edukieren kontrola izango da ere. Euskaraldian izena eman eta txapa jaso daitezkeen puntuak Euskaraldia guneak moduan izendatu dira. Hauek dira guneak: Basauriko Udala, Arizko Dorretxea, Marienea, Taberna Nagusia, Udal Euskaltegiae eta AEK Bolintxu.