- Basauriko Udalak 784 eguzki-panel instalatuko ditu Artunduagako kiroldegian. Kirol-instalazio honek urtean kontsumitzen duen argindarraren %30 ekoitziko dute. Udalak kontratazio-prozesua hasi du, Artunduagako kiroldegiko eraikin batzuetako estalduran eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko. Azken urteotan, "zenbait jarduketa egin ditu Udalak, energia zentzuz erabiltzea bultzatzeko eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzeko", azaldu dute udal gobernutik.

Ildo horretatik, Udalak, "bere zeregin eta eskumenen esparruan, eguzki-energia fotovoltaikoaren garapena areagotu nahi du, horri esker apaldu egingo baita erregai fosilekiko mendekotasuna eta gutxitu egingo baitira berotegi-efektuko gasen isurpenak".

Zentzu horretan, urrats berri horrekin, "Basauri bidean da, 2030erako, administrazio publikoek kontsumitutako argindarraren %32 beraiek ekoitzitako berriztagarria izatea lortzeko bidean, hain zuzen ere". Kasu honetan, Artunduagako kiroldegian 784 eguzki-panelak jarrita, urtean 121 tona CO2 gutxiago isuriko dira atmosferara: "urtean 7.200 arbola gutxiago moztearen, edo auto batek urtean 675.000 km ez egitearen baliokidea".

Udal arduradunek aurreikusi dute 338.000 kWh ekoitziko direla urtero, eta produkzio osoa "autokontsumorako izango da". Modu horretan, "Artunduagako kiroldegiaren argindar-kontsumoaren %30, gutxi gorabehera, ekipamendu fotovoltaiko horretatik hornitzea lortuko da". Beraz, energia-aurrezpen esanguratsua lortzen ere lagunduko du.

Udalak egingo duen inbertsioa amortizatzeko aukera emango du proiektu honek. Udalak lehiaketa publikoa abiarazi du instalazioaren exekuzioa adjudikatzeko, 308.489 euroko lizitazio-aurrekontuarekin. Bestalde, EVEk, Energiaren Euskal Erakundeak, 40.000 euroko dirulaguntza emango dio proiektuari, eta, beraz, "aurreikuspena da 5 edo 6 urtetan inbertsioa amortizatuta egotea", azaldu dute.

Udalak lehenagotik baditu eguzki-instalazioak, fotovoltaikoak (elektrizitatea ekoiztekoak) zein termikoak (berotze-sistemetako ura berotzen dutenak, kontsumoa gutxitzeko), udalerriko zenbait azpiegitura eta eraikinetan. Zentzu horretan, Etxe Maitia adinekoen egoitzan, Basozelai eta Soloarteko futbol-zelaietan, zenbait ikastetxetan, Artunduagako kiroldegian bertan, udaletxean eta abar egin dira horrelako instalazioak.

Eguzki-instalazio termikoek "348 MWh ekoizten dituzte urtero, gutxi gorabehera. 2019. urtean, zehazkiago, udal titulartasuneko sarera konektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoek 42,37 MWh sortu zituzten".