- Aurten ere, Basauriko udalak gazteek azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko eta egiteko Gidabaimena Euskaraz 2020 kanpaina martxan jarri du. Baskonia, Bidebieta, Irrintzi eta Mikel autoeskoletan gidabaimena euskaraz atera daiteke eta, gainera, azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik, 100 euroko diru-laguntza emango zaie egiten duten gazteei.

Basaurin erroldatutako 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzako dago pentsatuta ekimen hau. Baldintzen artean, eskatzaileak gidabaimena ateratzeko prestakuntza eta azterketa teorikoa euskaraz egin dituela ziurtatu beharko du. Gainera, eskaria aurkeztu orduko, matrikula ordainduta eduki beharko du. Azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik eskatzaileak 100 euroko diru-laguntza jasoko du, eta zozketa batean sartuko da ere, udalerriko gasolindegietan erregaitan gastatzeko 100 euroko saria irabazi ahal izateko.

Kasu honetan, “onuraduna saria jasotzen denetik sei hilabeteko epea izango du diru-kopuru hori erregaitan gastatzeko. Epe hori amaituta, betiere 2021ko uztailaren 31 baino lehen, Kultura Politika eta Euskara Arloan aurkeztu beharko ditu gastu horien egiaztagiriak, erosketa-agiriak”, diote udaletik. Horietan honako informazioa agertu behar da: igorlea, bezeroa (izen-abizenak eta NAN zenbakia), faktura zenbakia, data eta kontzeptua. Kanpaina honetan parte hartzeko, urriaren 31rarte egongo da izen emateko aukera.