2020ko Santakurtzak ez dira ospatuko. Horrela erabaki zuen atzo Udalak, Kultura Batzordearekin eta Jai Batzordearekin bildu ondoren. Beraz, aurten ez da ohiko Santakurtzik izango Galdakaon. Udaletxetik azaldu duten bezala, “Jai Batzordeak aho batez emandako babesarekin” hartu dute erabakia, “zentzuz eta arduratsu jokatzea egokitezn zaigulako”.

Beste alde batetik, “jaietarako gordea zegoen diruaren zati handi bat, covid-19ak herritarrei eragindako kalteak arintzera bideratuko da”, aipatu dute.

Erabakia ez da erraza izan, eta “tristuraz ematen du berria Udalak, baina egoerak eskatzen duen erantzukizunarekin. Dagoeneko antolaketa lan asko aurreratuta egonik, jaiekin aurrera egitea errazagoa izango litzaiokeen arren, erabaki zaila hartu behar izan dugu”. Zentzu honetan, arrazoi argi bat ere eduki dute kontuan; “ohituta gauden Santakurtzetan ezinezkoa izango litzateke herritarren babeserako neurriak mantentzea”.

Argi dago “oraindik etor litekeena ezin asma litekeen arren, inork ez duela zalantzan jartzen jende pilaketak saihestu beharra, eta ezagutzen ditugun jai ereduan, hori ezinezkoa dela”. Hortaz, “jaietarako gogorik falta ez zaigun arren, zentzuz eta arduratsu jokatzea egokitzen zaigu, eta herritarrek ulertuko dutelakoan gaude”, azaldu dute.

Erabakia, azaldu dutenez, “Jai Batzordearekin eta udaletxeko kultur arloko zinegotzi eta teknikariak zein alderdi politiko guztietako ordezkariak biltzen dituen Kultura Batzordearekin kontrastatu ondoren” hartu da. Jaiak bertan behera uzteko erabakia ulertu dute bi instantziek, eta “horien jarrera eskertzen du udal gobernuak”.

Horrenbestez, aurtengo Santakurtzak bertan behera geratzen direla jakinarazten du udalak, eta “jai horietan erabiltzekoak ziren diruak pandemiak gogorren kaltetu dituen herritarrak laguntzera bideratuko direla”. Gainera, “horren barruan kultur eskaintzari begira ere jarriko da udala, herritarrei eskaintza zabaldu eta artistak, haien lanak kontratatuta, lagunduta”.