ETXEBARRI. Etxebarriko Egetiaga Uribarri kaleko obrak amaituta, trafikoa dagoeneko ireki egin du udalak. Bertan, erdi-oinezkoentzako gunea eraikitzeko egin diren lanetan erremateak falta dira oraindik, baina kotxeak pasa daitezke hala ere, Metacal kalearen eta Doneztebe Etorbidearen biribilgunetik, konkretuki.

Horrela, lehengo egoerara itzuli diren Bernar Etxepare eta Sabino Arana kaleetako zirkulazioaren ohiko noranzkoa berreskuratu da.

Proiektuak kalearen hobekuntza nabarmena ekarri du, espazio publiko garrantzitsua irabaziz eta oinezkoei lehentasuna emanez.

Auzotarrek parte hartzeko bileretan zehaztu zenez, aparkalekuak kendu egin dira, oinezkoentzako gune bihurtzeko borondatea dela eta. Hala ere, zamalanetarako gune bat dago kale horretan kokatutako merkataritza- eta ostalaritza-jardueretarako.

Bestalde, espaloiak handitu dira eta irisgarritasuna hobetu da, kaleko maldak erregulatuz, garajeetarako sarbideak hobetu dira eta ostalaritza-zerbitzuen terrazetarako espazioa erraztu da, LED teknologiarekin eta hiri-altzariekin argiztapen berria jarri da, uren eta euri-uren bilketa berria egin da eta asfalto inprimatua duen galtzada jarri da, bertatik igarotzen diren ibilgailuen abiadura murrizteko.

Aipamen berezia merezi du biribilgunetik sartzean lorezaintzak ematen dion izaera. Izan ere, biribilguneak kaleko sarrera, lerrokadura-zuhaiztia eta loreontzi handiak (lore-zentro txikiak, amaitu gabeak) atsegina egiten du kalea.

Obraren kostua 321.103,07 €-koa izan da, eta 165.879,76 €-ko diru-laguntza jaso da irisgarritasunean egindako hobekuntza nabarmenengatik, eta 16.800 €-koa merkataritza-guneak egokitzeagatik, biak Eusko Jaurlaritzaren eskutik.