ETXEBARRI. Koronabirusak eragindako krisialdiaren ondorio ekonomikoak arintzeko helburuarekin, Etxebarriko Udalak udal talde guztiekin onartu egin du 403.533 euroko aurrekontu-aldaketa, lan egin gabe egon behar izan diren herriko saltoki, ostalaritza-zerbitzu eta autonomoei lagundu ahal izateko. Horren arabera, laguntzak eremu hauetan bereizten dira:

100.000 € - Laguntza zuzenak alarma-egoerari buruzko dekretuaren bidez ixtera behartuta dauden saltoki eta ostalaritza-zerbitzuentzat. Udalak laguntza zuzenen deialdi bat jarri du abian, saltoki eta ostalaritza-zerbitzu horietako bakoitzari 1.000 euroko diru-sarrera erraztuko diona. Hurrengo egunetan argitaratuko dira oinarriak eta aurkezteko dokumentazioa.

100.000 € - Alarma-egoeragatik lana egin ezin izan duten autonomoen laguntza. Salbuespenezko laguntza-deialdi bat, egoitza fiskala duten eta Etxebarrin erroldatuta dauden autonomoentzat, jarduera egiteko ezintasunagatik 600 euroko laguntza gehienez emango litzaiekeelako, edo banaketa proportzionala, eskabideen kopuruak funtsaren zenbateko ekonomikoa gainditzen badu. Oraindik ez dago datarik aurreikusita. Informazio egokia emango da.

12.000 € - Etxebarri Bonuaren aparteko edizioa, alarma-egoera amaitzen denerako. Aurten, Etxebarri Bonuaren bi edizio izango dira gutxienez, eta irabaziak izango dira etxebarritar guztientzat eta udalerriko saltokientzat.

161.533 € - Gizarte-larrialdietarako eta premia berezietarako laguntzak handitzea. Gizarte-zerbitzuek kudeatuko dituzte egoera ahulean edo premian egon daitezkeen pertsonei eta familiei zuzendutako laguntza horiek. Kopuru hori 2020ko aurrekontuan onartutako 342.358 euroei gehitu behar zaie; beraz, laguntzen guztizko zenbatekoa 503.891 eurokoa izango da.

30.000 € - Babes-materiala eta abian jarritako lankidetza-proiektuetarako dohaintzetarako materiala. Ohiz kanpo, gastuak egiten ari dira zerbitzuak babesteko materiala erosteko eta udalerrian abian jarri diren lankidetza-ekimenetarako (maskarak, maskara babesleak, oihalak, 3D harizpiak...).

Zuzeneko laguntzez gain, honako ekimen hauek ere onartu dira:

  • Zergen ordainketa geroratzea. Ibilgailuen gaineko zerga irailera atzeratu dute dagoeneko.
  • Terrazen/mahaitxoen eta zaborren tasa itzultzea, alerta-egoeraren arabera merkataritza-lokala ireki ezin izan den denboragatik.
  • Itxierak eragindako udal-zerbitzuen alokairuak eta ordainketak alerta-egoeraren arabera ez kobratzea.
  • Neurri horiek 342.000 euroko gastua dakarte, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren (Gizarte Larrialdietarako Laguntzak) aurrezkien kargura. Nolanahi ere, gure ustez, beharrezkoak dira salbuespenezko egoera honetan, eta, espero dugu, datozen krisi ekonomikoa neurri batean arintzeko balio izatea.

Udalak unean-unean jakinaraziko ditu saltoki, ostalaritza eta autonomoentzako laguntza-eskaerak egiteko deialdiak, datak eta prozedura.

Nolanahi ere, ez da baztertzen gertaerak garatu ahala neurri berriak onartzea, betiere gure bizilagunei laguntzeko badira.