Gutun baten bidez

Galdakaok adinekoen egoitzen egoera kezkagarria azaldu dio Aldundiari

31.03.2020 | 12:28
Adineko bi pertsona txakurra paseatzen.

GALDAKAO. Adineko pertsonak kalteberenak izan ohi dira koronabirusaren aurrean. Hori dela eta, Galdakaoko Udalak kezka handia dauka, herrian zazpi egoitza baitaude, pribatu zein itunpekoak, eta kezka hori Bizkaiko Foru Aldundiari azaleratu egin dio, egoitzen ordezkariekin hitz egin eta gero. Udalak egoitzetan lan egiten eta bizi diren pertsonen ongizaterako segurtasun neurriak bete daitezen nahi du.

Neurriak hartu beharra dagoela eta, Bizkaiko Foru Aldundiarengana jo du udalak; Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuari gutuna bidali dio Iñigo Hernando alkateak, egoera larriaren aurrean esku har dezala eskatzeko. Zazpi egoitza horietako bakoitzari ere bidali die gutuna alkateak, bakoitzean dauden gaixo zein langile kopurua eta babes neurrien zein egoera zehatzen azalpena eskatuz. Udalak adinekoen egoitza horien kudeaketa bere eskumena ez dela badakien arren, herriko nagusi asko leku horietan daudela jakitun, horien osasun eta zaintza egokia bermatzeko bere eskuetan dagoen guztia egingo duela adierazi du alkateak.

Udalak jaso duen informazioaren arabera, honakoak dira egoiliarren eta langileen osasunean eragin handiena duten gabeziak: norbera babesteko ekipamenduak, Covid-19aren detekziorako test azkarrak, instalazioen desinfekzioa eta baja hartu beharra duten langileen ordezkapenak. Alor horiei begirako neurriak eta egoitza bakoitzeko langile zein egoiliarren egoerari buruzko datu eta informazio zehatzak ere eskatu dizkio udalak aldundiari.

Kritikoa izan daitekeen egoeraren aurrean esku har dezala eskatu, eta gure nagusien zein langileen osasuna babesteko ahal den guztian elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi dio Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Halaber, esker oneko mezua helarazi die egoitzetako langile guztiei, gure adinekoen alde erakusten ari diren dedikazio eta ahaleginagatik.