"BBK Behari" izenekoa

Bakardadean bizi diren adinekoei laguntzeko proiektua abiarazi du Basaurik

28.01.2020 | 12:19
Asier Iragorri, María Larrinaga, Ixone Zubieta eta Itziar Etcheverry.

BASAURI. Bakardadea pertsona nagusiak jasan ohi duten gaitz benetan larria da, eta horri aurre egiteko proiektu berri bat abiarazi du Basauriko Udalak Urbi eta Ariz auzoetan. "BBK Behari" izena eramango du, eta atzo aurkeztu zuen Asier Iragorri alkateak, Gizarte-politikako zinegotzi Maria Larrinaga, Agintzariko zuzendari Itziar Etcheverry eta BBK-ko Gizarteratze, Berdintasun eta Gizarte Parte-hartzeko arduradun Ixone Zubietarekin batera.

Proiektuak behariak aurreikusten ditu: herritar soilak eta profesionalak (medikuak, merkatariak, auzotarrak eta abar), identifikatuta daudenak eta ohiko harremana dutenak adineko pertsonekin. Beharien zeregina da bakarrik bizi diren eta proiektuan parte hartzeko prest agertu diren adinekoen ongizatea zaintzea. Informazio-sistema dinamikoa erabiliko dute, GIS eta big data teknologietan oinarritua. Horri esker, alertak bidali ahalko dizkiete Udal Gizarte Zerbitzuetako langileei, adineko bat arrisku-egoeran dagoela detektatzen dutenean. Adibidez: ez bada medikuarekin zuen hitzordura agertu, auzokoek egunak badaramatzate ikusi gabe, ez bada joan erosketak egitera betiko dendara, ohi duen moduan€ «Behariak radar sozialak izango dira, nolabait esatearren: bakardadean bizi diren adinekoak ikusgai egiten eta arrisku-egoerak prebenitzen lagunduko digute», azaldu zuen María Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte-politikako zinegotziak.

BBK Gizarte-ekintzaren ekimena da «BBK Behari», eta bat dator Udalak sustatutako «Basauri Adinekoekin Atsegina» 2019-2022 Ekintza Planean bakardade-egoeran bizi diren adinekoak detektatzeko jasotako jarduera-ildoarekin.

Udalak 30 urte baino gehiago darama herritarren zahartze aktiboa sustatzeko programa garatzen. Horren harira, 2017an «adinekoentzako hiri atseginak» proiektuaren alde egin zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin. Parte-hartze prozesu zabal baten ostean, diagnostikoa eta ekintza-plana egin zuten, gure herria adinekoentzako gero eta adeitsuagoa izateko helburuz.

PPlaneko Gizarte- eta Osasun-zerbitzuen lantaldeak bakardade-egoerei heltzeko beharra identifikatu zuen, eta, hala, Basauriko Udalak erabaki zuen egoera horiei erantzuteko proiektu bat sustatzea, BBKren Gizarte-ekintzarekin batera.

Proiektuak, berez, bakardade-egoerak kudeatzeko lau ildo landuko ditu:

  • Planeko Gizarte- eta Osasun-zerbitzuen lantaldeak proiektu bat zuzenduko du, udalerrian bakarrik edo isolamenduan bizi diren adinekoen egoerari zerbitzu formal eta ez-formal guztietatik emandako erantzuna hobetu eta antolatzeko. Horretarako, kanpo-laguntza teknikoa izango dute, koordinazio-lana errazteko.
  • Ez dugu ahaztu behar bakardadeak lotura duela bizitza-proiektu bat egotearekin eta beste belaunaldiek zahartze-prozesuari buruz duten ikuspegiarekin. Beraz, eta aintzat hartuta, batetik, bakardadea oso fenomeno konplexua dela, eta, bestetik, faktore emozional eta kognitiboak ere tartean daudela, proiektuari esker, eta eztabaida-taldeen bitartez, posible izango da bakardadeari buruzko azterlan kualitatiboa egitea, bakardade-sentimendua bizi dezaketen pertsonen ikuspuntutik. Horrek, gero, aukera emango du esku-hartze programak diseinatzeko.
  • Bakardadeak, adinekoengan, zaurgarritasuna, baztertzea eta, agian, esklusioa ere eragin dezake: adineko horiek ez dute eskatuko beren beharrizanak asetzeko, oso egoera makalean egongo direlako. Gauzak horrela, trebetasun sozialen alorreko esku-hartzea ere aurreikusi du Basauriko Udalak: adinekoei baliabide pertsonalak ematea, horien bitartez gai izan daitezen laguntza eskatzeko eta beren beharrizanen berri emateko (hala egiteko eskatzen dietenean). Era berean, harremanak eta bakardadea kudeatzeko gaitasunak launduko dituzte, nork bere buruaganako konfiantzatik eta gaitasun pertsonaletatik abiatuta.
  • Laugarren ildoa komunitate-lanean oinarritzen da. Eremu horretan, «BBK Behari» proiektua ezartzen den udalerri pilotuetako bat da Basauri.
noticias de deia