BILBO. Orain artekoaren balorazioa egin, eta aurrera begira jarri da gaur Iñigo Hernando alkatea prentsaren aurrean, Mari Paz Losada alkateordea ondoan duela. Egindakoak eta aurkitutako zailtasunak azaldu, eta aldaketaren oinarri nagusia nabarmendu du: "filosofia aldaketa". Herritarrekiko gertutasuna, edo udala eta herritarren arteko elkarlana. Jakinarazi duenez, udalak urtarrilean ezagutaraziko du legegintzaldi osorako "ipar orratza" izango den gobernu plana.

Galdakaoko udal gobernua osatzen duten lau taldeen izenean egin du sei hilabeteon balorazioa alkateak, eta gobernua lau taldek osatzearen bereizgarritasuna hartu du hizpide: "Ibilbidea oso aberatsa izaten ari da; lau taldeen artean aurrera egiteko elkarlana ezinbestekoa da, eta oso aberasgarria izaten ari da".

Zailtasun nagusia, berriz, "blokeo burokratikoa" izan dela azaldu du Hernandok; oztopoz beteriko funtzionamenduarekin egin duela topo gobernu berriak, eta udala "askoz administrazio arinagoa" izan dadin lanean ari dela. Langileekiko, berriz, esker oneko hitzak izan ditu: gobernu berriari erakusten ari diren guztiagatik eta ematen ari diren laguntzagatik eskerrak eman dizkie. "Haiek gabe ez litzateke posible izango".

Udaleko lanak arintzen saiatzeaz gain, herritarrekiko hurbiltasuna lehentasun duela adierazi du Hernandok, eta horretan ari direla lanean hasieratik.

Orain arte egin dituztenen artean, geratuta edo atzeratuta zeuden hainbat proiektu aurrera ateratzen aritu direla azaldu du, eta "txikiak" diren arren herritarrengan eragin haindia duten hainbat neurri hartu dituztela. Liburutegiaren ordutegia zabaltzea, adibidez, bereziki eskertu dute ikasleek.

Azpiegiturei dagokienez ere, herritar askoren bizi kalitatea hobetzen lagundu duten hainbat eginbehar gauzatu ditu udalak. Urritik 300.000 euro bideratu ditu espaloiak konpondu, errepideak asfaltatu eta azpiegiturak hobetzen. Bizkai kalean irisgarritasun arazoak zirela eta moldaketa eskatzen ari ziren auzokideak esker oneko agertu dira behingoagatik euren premiak aseta ikusi dituztelako.

Enplegu planak ere inoiz baino inbertsio handiagoa izan du. Milioi bat euroko langa gainditu du.

Horrez gain, 15 proiektu gauzatzeko kontratazioak abiatu dira. Besteak beste, Aperribaiko igogailuak egitekoa zein Urretako pasabidea eraistekoa. Lizitazioak eginda, aurki gauzatuko diren proiektuak dira.

Edozein kasutan, "filosofia aldaketan" egin du indar alkateak; udalak eta herritarrak elkarlanean aritzeari eman dio garrantzia. Bide horretan bi prozesu abiatu ditu hileotan udalak, eta "oso arrakastatsuak" izan direla jakinarazi du. Aurrekontu parte hartzaileek eta hiri mugikortasunerako plana diseinatzeko prozesuak izan duten erantzun ona txalotu du Hernandok, eta bere esanetan, herritarrek herrigintzaren parte izateko duten gogoa erakutsi dute horiek. Bide horretan jarraitzeko asmoa du udalak.

Egindako horiez gain, etorkizuneko gobernu plana lantzen ere aritu da udal gobernua hileotan. Udal gobernua osatzen duten lau taldeetako bakoitza bere proposamenekin aurkeztu zen hauteskundeetara, eta lau proiektu horiek uztartuta, proiektu bateratu bat idazten ari da; zehatza, ukigarria eta gauzagarria. "Hori izango da gure ipar orratza lau urteotan". Urtarrilean aurkeztuko da asmo eta ekintza zehatzak barnebilduko dituen gobernu plana.