Basauri - Herritarren elkarte batek 50 urte betetzea ez da batere erraza. Basauriko Kareaga Auzo Elkarteak 2020an beteko du men erdia. Denbora honetan denetarik pasa dute elkarte bezala, baina beti atera dituzte indarrak auzoaren alde lan egiteko. Orain, 50. urteurrena ospatzeko ideiarekin, eta 50 urte horien errepasoa egiteko, egutegi bat argitaratzea erabaki dute. Egutegia auzoko bilakaeraren zati bat erakusten duten argazki zaharrez beteta dago. Bazkide guztiek egutegi bat doan jasoko dute, hala ere, aste honetan egutegia 2 eurotan salgai ere jarriko dute nahi dutenentzako.

Bide luze eta batzuetan zaila ere izan dute auzoan, baina beraiek dioten bezala, 2020. urtean ere, “Kareaga Auzo Elkarteak aurrera darrai kementsu, auzotarron eskaerak, kexak eta beharrak bideratzen”. Horrela, eskaeren artean “igogailua Karmelo Torren, Boluetarainoko bidegorria, plaza hobeak...” jarraituko dituzte aldarrikatzen. “Gure helburua, lehen orain eta beti: auzo hobea lortzea” delako. Auzoa asko aldatuz joan da.

Azaltzen duten bezala, “XX. mendera arte, Bilborako errepidearen inguruan paraturiko baserri eta etxalde gutxi batzuek osatzen zuten. 1892an, La Basconia industriagunea sortu zen, eta, horrekin batera, hazi egin zen biztanle kopurua. Auzoaren hazkundearekin batera, zerbitzuen beharra ere handitu zen, eta hori izan zen elkartearen hasiera, bere lehenengo pausuak. Hala ere, “lehendik hainbat arrazoi argudiatuta eskaera batzuk atzera bota ondoren, 1970, Gobernu Zibilak Elkartearen sorrera baimendu zuen. - I. Ugarte