Basauri - Basauriko Udalak prest dauka Gabonaldia programa eta hainbat jarduera prestatu ditu abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra bitarterako. Adin guztientzako planak ditu aurtengo programak, arreta berezia jarriz txikien eta gazteentzako jardueretan. Basauriko Udalak, Social An-tzokiak, Kultur Basaurik eta Basauri Kirolakek, Herriko Taldeaken, Mikelatsen, El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen, Sorgina Kultur Elkartearen eta Basauriko Merkatari Elkartearen laguntzarekin egitarau handia prestatu dute, eta hauen artean, “aipatzekoak dira Gabonetako Haur Parkea, Olentzeroren kalejira, Errege Magoen desfilea, Gabon-kantak, haurrentzako ikuskizunak, gazteentzako jarduerak eta kirol-eskaintza”, diote udaletxetik.

Jarduera arrakastatsuenetako bat Gabonetako Haur Parkea izaten da urtero. Aurten, zabalik egongo da abenduaren 20tik urtarrilaren 5era, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Aipatu behar da abenduaren 24an eta 31n, goizez bakarrik egongo dela martxan eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, itxita egongo dela. Bestalde, “urtero bezalaxe, Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira herrira, abenduaren 24an. Goizez, 11:30-13:30 bitartean, 2019an jaiotako haurtxoak hartuko dituzte Social Antzokian, eta, 16:30etik aurrera, kalejiran ibiliko dira herrian zehar”.

Basozelai eta San Migelera ere ailegatuko dira Olentzero eta Mari Domingi. Horrela, El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen lanari esker, abenduaren 22an, 10:00etatik aurrera Olentzero eta Mari Domingi, Malmasinetik jaitsi eta gero, auzoko umetxoekin egongo dira. Gainera haur-jolasen karpa izango dute auzoan (haur-jolasak, puzgarriak, Gabon-kantak eta abar). Kareagan, bestalde, Sorgina Kultur Elkarteak zinema-emanaldia antolatu du abenduaren 21erako, 17:30ean, Sorginetxean. Horren ostean, Altrius magoaren ikuskizuna egongo da. San Migelen, “Mikelatsen eskutik, abenduaren 24an, 12:00etan, harrera egingo diote Olen-tzerori, Hernán Cortés plazan. Eta txu-txu trena ibiliko da auzoko kaleetan zehar”. Abenduaren 26an disko-festa egongo da pilotalekuan (18:00etan), eta, urtarrilaren 3an, puzgarriak, goizez eta arratsaldez.

Beste alde batetik, Herriko Taldeakek, Errege Magoen postaria ekarriko du Basaurira urtarrilaren 3an eta, urtarrilaren 5erako, “Errege Magoen harrera antolatu du Social Antzokian, 11:00etatik 13:30era bitartean. Gero, arratsaldean, Erregeek desfilea egingo dute 18:00etatik aurrera, Social Antzokitik bertatik abiatuta”. Musika ez da faltako egun horietan, eta Musika Eskolako ikasle eta irakasleen eskutik etorriko da: Basauriko kaleetan barrena ibiliko dira abenduaren 17an, 17:30etik aurrera, Gabon-kantak eskaintzen. Egun horri amaiera ezin hobea emateko, entzunaldi berezia eskainiko dute Musika Eskolan, 19:00etan.