BILBO. Ekarpenak egin dituztenen artean, 172 emakumeak dira, 136 gizonak, eta bi ez binarioak. Adin tarteari dagokionez, 61 eta 70 urte arteko herritarrak izan dira aktiboenak; 175 ekarpen egin dituzte horiek. 31 eta 40 urte artekoek 140 proposamen egin dituzte, 51 eta 60 urte artekoek 127, eta 41 eta 50 urte artekoek 117. Gazteen parte hartzea txikiagoa izan da; 21 eta 30 urte artekoek 28 proiektu aurkeztu dituzte, eta 16 eta 20 urte artekoek 11. 71 urtetik gorako herritarrek 57 proposamen aurkeztu dituzte.

Galdakao erdigunetik jaso dira ekarpen gehienak, alde handiarekin. Banaketa guneka eginda, Kurtzeko herritarrengandik jaso dira proposamen gehien: 245. Urretatik 81 iritsi dira, Bengoetxetik 78, Aperribaitik 42, Zabaleatik 40, Tximelarretik 36 eta Olabarrietatik 34, besteak beste. Usansolotik 43 proposamen egin dituzte. Hizkuntzari dagokionez, gazteleraz jaso dira ekarpen gehienak: 550.

Batutako 673 proposamenetatik, 625 baloratu dira teknikoki. Gainontzekoak hasieratik baztertu dira 16 urtetik beherako pertsonek edo Galdakaon erroldatuta ez zeudenek eginak zirelako. Ekarpenak galbahe teknikoetatik igarota, 92 proposamenen ondorioa utzi du prozesuak. Horien artean bozkatu ahal izango da. 92 egitasmo horietatik 80 hirigintzari lotutakoak dira. Horietatik gehienek -36- irisgarritasunarekin dute zerikusia, 16 gune zehatzetarako jardunak dira (haurreskola, skateparka, Lekubaso, Olabarrietako landa.), 10 mantenuari lotutakoak, 8k estalkiekin dute zerikusia eta 6k ekipamenduekin. Hirigintza eskaeretatik kanpo, 9 kultur alorrekoak dira, eta beste 3ak denetarikoak.

Bestalde, askok proposamen bertsuak egin dituzte, eta beraz, bateratu egin dira elkarrekin bozkatu daitezen. Zehazki, 156 izan dira batu diren proposamenak. 377, berriz, baztertu egin dira aurrekontuetako partida zehatz horren baitan gauzatzeari begira, hainbat arrazoiengatik. Prozesuaren hasieran jarritako irizpideak ez betetzeagatik baztertu dira 209 ekarpen; besteak beste, teknikoki eta ekonomikoki bideragarri ez izateagatik edo zehazgabeak izateagatik. 38 ekarpen iradokizun gisara hartu dira eta gainontzekoak modu batean edo bestean lantzen ari diren edo lizitazio fasean dauden proiektuak dira. Hortaz, 2020ko aurrekontuetatik milioi bat euro zertara bideratu erabakitzeko prozesutik kanpo geratu dira. Horrek ez du esan nahi, hala ere, aintzat hartuko ez direnik edota 2020ko aurrekontuetan lekurik izango ez dutenik.

Bozketarako onartu diren proposamen artean aipagarriak dira, besteak beste, kopuruagatik, herria gehiago argiztatzeko egindako eskaerak zein igogailu eta pasabideak eskatzen dituztenak. Hiri altzarien eskaera handia jaso dela eta, horretarako partida gehigarri bat onartzea erabaki da. Urretako kiroldegia egokitzeko partida orokor bat ere onartu da, besteak beste.

Udalaren webgunean ikusgai daude bozketarako onartu eta baztertu diren proposamenak, eta astelehenetik asteazkenera bitartean horien artean aukeratzeko botoa eman ahalko da bai webgunean bertan, bai hainbat lekutan jarriko diren hautetsontzietan. Esan bulegoan, Torrezabalen, Urretako kiroldegian, Aperribaiko liburutegian, Bengoetxe eta Ibarluzeko jubilatuen etxeetan eta Txapelenean egongo dira hautetsontziak.

Botaketaren emaitzen berri azaroaren 7an emango da webgunean eta biharamunean, azaroaren 8 arratsaldean, udaletxean bertan egingo den batzar irekian azalduko da aukeratua izan den proiektua, eta beraz, 2020ko aurrekontuen barnean gauzatuko dena