andra Mari parrokiako azken kanpai-jolea da Iñaki Lejarza. 86 urterekin, ez da jada lan honetaz arduratzen. Hala ere, Lejarza zeanuriztarrak beste behin joko ditu kanpaiak. Horrela, urriaren 26an, iluntzeko 20:00etan kandelen gaua ekintzari hasiera emateko ordua heldu dela jakingo da kanpai-hotsei esker.

Eta zentzu honetan, kanpaiak martxan ipiniko dituena Lejarzaizango da. Orain dela 100 urte, Zeanuriko Andra Mari parrokian sute oso gogorra gertatu zen. Eliza guztiz suntsituta gelditu zen orduan. Aurrerago, berreraikitze lanen ondoren, Andra Mari berriro ere erabiltzaeko moduan utzi zuten, eta gertaera hura gogoratzeko, berreraikitzearen nondik norakoak eta Eleizondo ezagutzera emateko ekitaldi batzuk antolatu dituzte urrian zehar Zeanuriko elizatik.

Ekitaldi horietako bat kandelen gaua izango da, hurrengo asteburuan. Hor sartuko da jokoan Lejarza, bera izango baita ospakizun honi hasiera emango dion arduraduna. Lejarzak gogoratzen duen moduan, “eskuz eraginda jartzen nituen dilin-dalanean kanpaiak”, baina oraingoan botoi bat sakatuta jarriko ditu martxan. Jon Urutxurtuk dioen bezala, “guztira, 46 urtean izan zan Andra Mariko kanpai-jolea”. Lejarzaren arabera, “egunero-egunero hiru joaldi egiten genituen, goizaldeko 06:30etan, arimena; 12:00etan, angelusa eta ilunkeran, abemariak”.

Normalean, kanpandorrera igo gabe jotzen ziren, “kanpandorretik eleizako sarrera etorren soka tiratuz”. Baina mezatara deitzeko, “kanpandorrera igotzen nintzan eta eskuz eragiten nituen kanpaiak”. Bere aita, Andres Lejarza izan zen familiako lehen kanpai-jolea eta Iñakik umetatik laguntzen zion zeregin horretan.

“Aita hil zanean hartu nuen lekukoa” eta horrela jarraitu zuen 1994 urterarte, “Andra Mari parrokia zaharbarritze beharrak egiteko itxi zen arte”, dio Urutxurtuk. Lehen, hiru kanpaiak aldi berean jo behar ziren, horregatik, “aitari nik eta Jose Antonio anaiak laguntzen geuntsan”. Gero, Lejarzak hartu zuenean ardura hori, “nire seme biak, Pedrok eta Jose Antoniok, laguntzen eustien”.

Eguneroko hiru joaldiak kanpandorrera igo barik jo-tzen zirenez, “nire emaztea, Benedikta Ibarrando be sarritan arduratzen zan zeregin horretaz”. Esan beharra dago ere, kandelen gauaren hurrengo egunean, Iñakiren semeak, Pedro eta Jose Antonio, kanpandorrera igoko direla, oraingoan bai, kanpaiak eskuz eragiteko.