ARRIGORRIAGA. Arratia-Nerbioi eskualdeak Enplegu Zentroa izango du azkenik. Horrela erabaki dute Lanbideko zuzendari nagusia den Borja Belandia Fradejasen proposamena onetsi eta gero. Horrela, Arrigorriaga, Ugao eta Orozkoko biztanleak orain arte ez zeuzkaten hainbat zerbitzuz gozatu ahal izango dute.

Arrigorriaga da, Ugao eta Orozkorekin batera, Enplegu Zentroaren zerbitzua emango den lekuetako bat. Udalak zerbitzua emateko instalazioak jarriko ditu, eta Gaztaroa-Sartu Kooperatiba Elkarteak kudeatuko du, zerbitzuaren esleipenduna baita. Jendeari harrera emateko egunak astelehena, asteazkena eta ostirala izango dira, goizez, Arrigorriagan (herrigunean), eta ostegunetan Abusu Zentro Soziokulturalean.

Enplegu Zentroak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen zerbitzuen barruan sartzen dira, eta, bertan, lana bilatzen ari diren pertsonak banaka eta era berezituan artatzen dira.

Espazio fisiko eta egonkorra da, eta enplegua bilatzeko baliabideei buruzko auto kontsultarako tresnak dituen leku bat jartzen da eskatzaile eta erabiltzaileen esku.

Zerbitzu honetan, orientatzaile bat egongo da, laneratze-ibilbidean aurrera egiteko eta bide hori jorratzea errazten duten erremintak erabiltzeko laguntza emango duena.

Taldekako tailerrak ere egingo dira; alde batetik, Enplegu Zentroan norberak erabiltzeko erremintak erabiltzen irakasteko, eta, bestetik, lana bilatzeko beharrezko eta nahitaezko diren teknika guztiak ezagutarazteko.

Zerbitzu honen erabiltzaileek -lanerako adina duen eta modu aktiboan lan bila dabilen edonor- alta emanda egon beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.