Haurrek smartphonea erabiltzeko adina atzeratzea, espazio publikoa berreskuratu eta autonomia handiagoz eragiltzea eta udalerriko eragileen arteko elkartasuna eta zaintza sarea indartzea dira Altxa Burua sareak martxan jarri berri duen 'Gurea erabil dezakezu' izeneko kanpainaren helburu nagusiak. Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak bat egin dute proiektuarekin, gazteen artean telefono mugikorren erabilera arduratsuagoa sustatzeko.
Izan ere, ekimenak herriko saltoki eta negozioen inplikazioa izango du, eta baita Udalarena ere. Hala, kanpainara atxikitzen diren establezimenduek eta udal eraikinek euren telefonoa erabilgarri jarriko dute 8 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek behar dutenean erabili ahal izan dezaten. Modu horretan, gazteek familiarekin edo arduradunekin harremanetan jartzeko aukera izango dute telefono propio baten beharrik gabe. Kanpainan parte hartzen duten guneek pegatina bereizgarri bat izango dute ikusgai, herritarrek erraz identifikatu ahal ditzaten.
Ekimenaren helburua
Kanpainaren abiapuntua sinplea da: haurrek eta nerabeek telefono mugikorra izateko edo etengabe gainean eramateko beharra murriztea, inguruko helduen eta komunitatearen laguntzarekin. Horretarako, herriko merkataritza, ostalaritza, udal eraikin eta bestelako zerbitzuen inplikazioa bilatzen da, behar den unean komunikazio kanal seguru eta hurbila eskain dezaten.
Beste helburu batzuk ere baditu kanpainak, hala nola haurrek eta nerabeek kalea eta espazio publikoa modu autonomoagoan erabiltzea sustatzea, herriko eragileen arteko elkartasuna eta koordinazioa indartzea, eta komunitate zaintzaren kultura sendotzea. Aldi berean, gertuko merkataritzaren balioa azpimarratu nahi du, eguneroko bizitzan funtsezko zeregina betetzen duen sare hurbil eta eskuragarri gisa.
Hasiera batean urtebeteko iraupena izango du ‘Gurea erabil dezakezu’ kanpainak, eta, epe hori amaitutakoan, ekimenaren harreraren balorazioa egingo da. Udalak esperientzia positiboa izatea espero du eta etorkizunean gero eta eragile gehiagoren inplikazioarekin jarraipena izatea.