Galdakaoko Mikologia Jardunaldiekin bildutako dirua Torrezabal Kultur Etxeko Bazkide+ txartelak erosteko erabiliko da
Udaleko Gizarte Ekintza arloak eta Agintzari elkarteak hautatuko dituzte Peña Santa Cruzen egitasmoaren onuradunak, behar handiena duten familien artean
Urtero bezala, Peña Santa Cruz elkarteak antolatzen dituen Galdakaoko Mikologia Jardunaldiek gastronomiatik harago doan ekarpena utzi dute; horien baitan antolatutako pintxo solidarioaren bidez bildutako dirua herriko errealitate sozialarekin lotutako proiektu batera bideratuko da, elkartasunaren aldeko apustuari eutsiz.
Azken edizioan 2.025 euro bildu ziren pintxo solidarioaren bidez, eta Peña Santa Cruzek, Udalarekin batera, zenbateko hori Agintzari elkarteari ematea erabaki du. Erakunde horrek Galdakaoko Udalarekin elkarlanean jarduten du egoera zaurgarrian dauden haur, nerabe eta familiei hezkuntza eta arlo psikosozialean babesa ematen, haien ongizatea eta gizarteratzea sustatzeko helburuarekin.
Pintxo solidarioaren bidez bildutako diruaren xedea aurkezteko, Edurne Espilla Kultura zinegotzia, Idoia Martinez Gizarte Ekintzako arloburua, Agurtzane Larrabe gizarte hezitzailea eta Peña Santa Cruzeko ordezkari diren Txelis Elorriaga, Javier Bilbao eta Javier Irusta elkartu dira Torrezabal Kultur Etxeko Erakusketa gelan.
Adierazpenak
Espillak azaldu duenez, Peña Santa Cruzek bildutako dirua Udaleko Gizarte Ekintza arloak eta Agintzari elkarteak artatzen dituen familiei “kulturaren ateak zabaltzeko bideratuko da”. Izan ere, Torrezabal Kultur Etxeko Bazkide+ txartelak erosiko dira “egoera zaurgarrian dauden familiek ere herriko kultur ekintzetan parte hartu ahal izan dezaten”.
Ildo horretan, kulturak kohesio sozialerako eta garapen pertsonalerako duen balioa azpimarratu du zinegotziak: “Torrezabal espazio inklusiboa izatea nahi dugu, eta egitasmo hau horretarako zubia da, herritarren egoera pertsonala edo ekonomikoa edozein dela ere”.
Azkenik, ekimenak herritarren elkartasuna, Peña Santa Cruz bezalako elkarteen konpromisoa eta Udalaren gizarte proiektuak uztartzen dituela azpimarratu du, “guztion artean herri hobea eraiki dezakegula erakutsiz”.
Bestalde, Martinezek eskerrak eman dizkio Peña Santa Cruzi egindako ekarpenagatik, eta nabarmendu du horrelako ekimenek agerian uzten dutela herriko eragileen eta Udalaren arteko lankidetzak “emaitza oso positiboak ematen dituela”. “Elkartasuna praktikan jartzen duen gizartea gizarte hobea da, eta horrelako ekimenek herriaren kohesioa indartzen laguntzen dute”, gaineratu du.
Larrabek, bere aldetik, Agintzarik Galdakaon EISE programaren bidez egiten duen lana azaldu du. Entitateak egoera zaurgarrian dauden haur, nerabe eta familiekin egiten du lan, eta “gehienetan oinarrizko beharrak asetzea izaten da haien lehentasuna, kulturarekin zerikusia duten ekintzak bigarren mailan geratuz”, azaldu du. Horregatik, egitasmo hau “kohesioa eta pertsonen integrazioa sustatzeko tresna garrantzitsua” dela adierazi du.
Bukatzeko, Elorriagak Peña Santa Cruzen ekarpenak “gazteei euren lagunekin kultur eta aisialdi jardueretan parte hartzeko aukera” emango diela azpimarratu du, eta horrek “inklusiorako eta berdintasunerako bide berriak sortzen” lagunduko duela gaineratu du.
Programaren funtzionamendua
Peña Santa Cruzen pintxo solidarioari esker bildutako dirua 5 eta 17 urte bitarteko seme alabak dituzten familia zaurgarriei bideratuko zaie, Udaleko Gizarte ekintza zerbitzuak eta Agintzari elkarteak proposatutakoen artean, dagoeneko laguntza jasotzen ari diren kasuen artean hautatuko baitira. Bazkidetzaz gain, familiei informazio osoa helaraziko zaie eta jarraipena egingo da baliabideak benetan erabiltzen dituztela bermatzeko.
Guztira 50 Bazkide+ txartel erosiko dira; familia bakoitzak bi jasoko ditu, haurrek kultur ekintzetara norekin joan izan dezaten. Bazkidetza horiei esker, familiek abonuak zehaztutako kultur jarduera kopurura doan joan ahalko dute, hala nola arte eszenikoetara edo zinemara. Horrez gain, doakoak ez dituzten gainontzeko jardueretan deskontuak izango dituzte, baita inguruko herriek eskaintzen dituzten zenbait ekintzatan ere.