Durangoko Udalak salbuespeneko neurriak hartuko ditu gaur arratsaldean San Juan gaua ospatzeko. Bero bolada dela eta, Otamotzena eta San Fausto auzoetako suak piztuko dira bakarrik segurtasuna indartzeko eta sute-arriskua minimizatzeko.
Gaur, ekainak 23, bilera bat deitu da Udaltzaingoa, teknikariak eta ordezkari politikoak, Herria eta San Fausto Elkartea elkarte antolatzaileekin batera, San Juan sua dela eta hartu beharreko neurriak hartzeko. Bilera horretan bi su horiek bakarrik baimentzea erabaki da, eta zorrotz kontrolatuta eta segurtasun-neurri sendoekin egingo dira. Salbuespenezko neurri gisa, piztu aurretik bustiko da bien perimetroa. Era berean, haizea badago bi ekitaldiak bertan behera utziko direla adostu da.
Ilunabarrean piztuko dira suak, Otamotzena auzoko parkean eta San Faustoko frontoiaren atzean. Suteei lotutako jarduera guztiak 20:00etatik aurrera hasiko dira.
Neurriak
Material ez-toxikoak eta egitura egonkorrak erabili beharko dira, eta suak eraikinetatik, ibilgailuetatik, azpiegitura elektrikoetatik eta landaretzatik urrun jarri beharko dira. Debekatuta dago likido sukoiak erabiltzea, hala nola gasolina edo alkohola, eta pertsona helduek une oro zaindu beharko dute, sua itzaltzeko bitartekoak eskuragarri dituztela.
Era berean, debekatuta dago material piroteknikoa erabiltzea, eta arreta berezia eskatu da etxeko animaliekin eta ingurunearekin, ospakizunaren ondoren garbi geratu beharko baita.
Bestalde, Uda Giroaren programazioaren baitan gaurko 18:00etarako Otamotzenan aurreikusita zegoen zirkua bertan behera geratu dela jakinarazten da. Durangoko Udalak San Joan gauaz arduraz gozatzera animatu ditu herritarrak, kontu handiz.