Babesleku klimatikoak zehazteko saioak antolatu ditu Durangok
Lehen saioak ekainaren 29an San Faustoko ermitan eta ekainaren 30ean Madalenako ermitan izango dira
Udalerrian tenperatura altuko egunetan erosotasun termikoa eskaintzeko espazio irisgarri eta seguruak eskaintzera bideratutako 'Babesleku klimatikoak' izeneko proiektua jarri zuen martxan joan den martxoan Durangoko Udalak. Proiektuaren abiapuntua udalerriaren diagnostiko klimatikoa da, bero-boladen aurrean zaurgarritasun ertaina adierazten duena. Era berean, egiaztatu da beroaren inpaktua ez dela uniformea Durangon, eragin handiagoa baitu itzalik gabeko eta zuzenean eguzkitan dauden eremuetan.
Testuinguru horretan, proiekzio klimatikoen arabera, litekeena da mendearen amaieran batez besteko tenperatura 3,2 ºC inguru igotzea, egoera okerrenean eta deskarbonizaziorako nazioarteko politikarik gabe. Gainera, urtean 30 egunetan 35 ºC-tik gorako tenperaturak erregistratu daitezke, baita 30 gau tropikal ere, hau da, tenperatura 20 ºC-tik behera jaisten ez den gauak.
Egoera horren aurrean, Udalak babesleku klimatikoen sare bat sortzea bultzatzen du, bero handiko egoeretan erosotasun termikoa bermatzen duten eta herritar guztientzako ingurune fresko eta segurua eskaintzen duten espazio gisa ulertuta, arreta berezia eskainiz kolektibo zaurgarrienei, hala nola adinekoei edo haurrei. Espazio horiek sarrera libre eta doakoa izango dute, biztanleria gehien biltzen den eremuetan kokatuko dira, eta edateko ura, komun publikoak, atsedenlekuak eta seinaleztapen egokia izango dituzte. Barneko espazioetan tenperatura 26 ºC-tik behera mantenduko da, eta kanpokoetan, berriz, itzala eta aireztapen naturala lehenetsiko dira. Maiatzetik urrira bitartean erabiltzea aurreikusten da, bereziki bero handieneko orduetan.
Proiektua garapen-fasean dago une honetan eta hainbat etapatan egituratuko da, besteak beste klima-aldaketara egokitzeko tresnen azterketa, udal-eraikinetan eta kanpoko espazioetan egon daitezkeen babeslekuen identifikazioa eta ebaluazioa, eta Durangoko babesleku klimatikoen sarearen katalogo eta mapa bat egitea. Horretarako, udal-ekipamenduetara bisitak egiten ari dira eta udalerriko parke eta itzal-eremuen azterketa zehatza gauzatzen ari da.
Herritarren parte-hartzerako prozesua
Testuinguru horretan, Udalak herritarren parte-hartzerako prozesu bat irekiko du orain, ekainaren 29an hasiko dena. Saio horien helburua herritarren eta tokiko eragileen ekarpenak jasotzea da, sarearen diseinuan laguntzeko. Hemen aurreikusitako egutegia: ekainak 29, San Faustoko Ermitan; ekainak 30, Madalenako Ermitan; uztailak 6, Otamotzenako Auzogunean; eta uztailak 7, Laubideta 6 zenbakian, Intxaurrondon.
Babesleku klimatikoen sarea zehaztu ondoren, Durangoko Udalakhura ezagutarazteko ekintzak abian jartzea aurreikusten du, hala nola informazioa eta mapak udal-webgunean argitaratzea, liburuxka informatibo bat egitea eta babeslekuetara bisita gidatuak antolatzea.
Durangoko Udalak herritarrei saio horietara bertaratzeko eta parte hartzeko deia egiten die, eta udalerriaren benetako beharretara egokitutako babesleku klimatikoen sarea modu partekatuan eraikitzeko garrantzitsua dela azpimarratuz.
Temas
Más en Bizkaia
-
Las medusas llegan a las playas de Bizkaia: alertan de su presencia en cuatro arenales
-
Bermeo abre las puertas de Gaztelugatxe Zentroa para impulsar un turismo sostenible y con arraigo
-
Martxan da Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroaren eraikin berria
-
Ermua ofrece cuatro sesiones de cine al aire en el parque de San Pelayo