Síguenos en redes sociales:

Amorebieta-Etxanok jaietako kartel ofiziala aurkeztu du

Lua Buron egileak herriko adinekoen oroitzapen eta bizipenak islatu nahi izan ditu kartelaren bidez

Amorebieta-Etxanok jaietako kartel ofiziala aurkeztu duA. U.

Astearte honetan goizean, Amorebieta-Etxanoko Udalak uztailaren 15etik 27ra bitartean ospatuko diren Karmengo jaietako kartel ofiziala aurkeztu du, Lua Buron zornotzarrak egindako lana. Aurten herriko Nafarroa zentroko adinekoek izan dute protagonismoa sormen prozesuan. Udalak ikusgarritasuna eman nahi izan dio tokiko talentuari enkargu honen bidez.

Adinekoen parte-hartzearekin egindako kartela

“Kartelaren enkargua gogoz jaso nuen, baita prozesua herriko adinekoekin lantzearen proposamena; horregatik, Nafarroa zentrora joan eta solasaldi bat egin nuen bertako erabiltzaileekin. Esperientzia aberasgarria izan zen eurek esaguztea eta haiekin lan egitea, euren ekarpenek jaiak ulertzeko eta irudikatzeko modu desberdina ematen zutelako”, azaldu du kartelaren egileak.

“Solasaldi horietan euren oroitzapenak eta bizipenak izan ziren ardatz. Jaiak nola bizi dituzten azaldu zuten, zein une gogoratzen dituzten bereziki, eta jaiak zein elementu, kolore eta emoziorekin lotzen dituzten partekatu zuten. Ideia horiek guztiak zuzenean islatu dira kartelaren sorkuntzan”, adierazi du.

Amorebieta-Etxanoko jaiak iragarriko dituen kartela.

Ez da adinekoen parte-hartzea soilik anekdota bat izan. “Helburua hasieratik argia zen: haien ahotsa eta memoria kolektiboa kartelaren parte izatea. Horregatik, diseinuan ageri diren elementu, espazio eta erreferentzia asko haiek egindako ekarpenetatik datoz”, gaineratu du.

Kartela, beraz, herriko adinekoekin elkarlanean eta haien oroitzapen eta bizipenetatik abiatuta egina da, Karmen 2026 jaiak iragartzeaz gain, belaunaldien arteko memoria eta emozio partekatua islatzeko.