Tanborradan parte hartzeko izena emateko epea ireki du Amorebieta-Etxanok
Izena emateko epea maiatzaren 25era arte egongo da zabalik, Zelaietan edo webgunean
Uztailaren 24an ospatuko diren helduen eta umeen tanborradetan parte hartzeko izena emateko epea ireki du aste honetan Amorebieta-Etxanoko Udalak. Urtero bezala, tanborrada biak herriko jaietako egitarauaren ekintzarik berezienetakoak izango dira aurten ere bai.
Umeen tanborrada 5 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago, hau da, 2011 eta 2021 artean jaiotakoei. Helduen tanborrada, aldiz, 16 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dago.
Izena emateko epea maiatzaren 25era arte egongo da zabalik, Zelaietan edo webgunean. Inskripzioa egiterakoan, interesdunaren izena eta jaioteguna eta arduradunaren telefono zenbakia adierazi beharko dira. Era berean, laguntzaile bezala irten nahi duten gurasoek izena eman beharko dute Zelaietan edo 946300650 telefonora deituz.
Gorputzak eta jantziak
Umeen tanborrada honako gorputzek osatuko dute, adinaren arabera antolatuta: sukaldariak, zuziak, fusilariak, kantinerak eta kantineroak, danbor-joleak eta kupel-joleak. Oro har, lehen aldiz izena ematen dutenek sukaldari moduan parte hartu beharko dute, eta urteak pasa ahala gainontzeko gorputzetara igaroko dira, antzinatasunaren eta adinaren arabera.
Helduen tanborradan, berriz, danbor-joleek, fusilariek, zaldunek, sukaldariek eta kantineroek parte hartuko dute, eta aurten lehen aldiz kupel-joleen gorputza ere izango da. Antolakuntzak gogorarazi du aurreko urteetako parte-hartzaileen antzinatasuna errespetatuko dela.
Entseguak
Antolatzaileek gogorarazi dute entseguetara joatea derrigorrezkoa izango dela. Umeen tanborradan parte hartu ahal izateko, gutxienez entseguen % 50era joan beharko da. Helduen kasuan, bi entsegu baino gehiagotara huts egiteak desfilean parte hartzeko aukera galtzea ekar dezake.
Temas
Más en Bizkaia
-
En imágenes: El Colegio de Enfermería celebra el día internacional de su vocación reuniendo a 600 profesionales en Euskalduna Bilbao
-
Amaitu dira José María Escuza kalea berrurbanizatzeko lanak
-
Amorebieta-Etxano acercará la educación ambiental a la ciudadanía con actividades participativas
-
Dos cafeterías de Bilbao optan a ser las mejores de Europa