Zabalik dago Hazilan+ programaren edizio berrirako izen-ematea
Kualifikazioa duten langabetuen laneratzea sustatzeko programa da
Debabarrena eskualdeko udalek eta Debegesa agentziak indarrak batu dituzte, Garapenekin lankidetzan, Hazilan+ programaren edizio berri bat martxan jartzeko. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta azken eguna apirilaren 30a izango da. Programa honen helburua kualifikazio maila ertain-altua duten langabeen enplegagarritasuna hobetzea eta laneratzea erraztea da.
Ekimena Debabarrena eskualdeko langabeentzat da, prestakuntza izan arren laneratzeko zailtasunak dituztenei laguntza integrala eskaintzen die Hazilan+. Horretarako, programak orientazio pertsonalizatua, zeharkako eta gaitasun teknikoen garapena, eta enpresetako praktikak uztartzen dituen ibilbide osoa du.
Programa bereziki lan-esperientziarik gabeko gazteei eta hainbat arrazoirengatik langabezian dauden helduei zuzentzen zaie. Halaber, lehentasuna emango seme-alabak hezten eta zaintza lanetan aritu ondoren lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeei, talde horrek zailtasun handiagoak izaten baititu enplegatzeko.
Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da langabezian egotea, erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulazioa izatea eta Debabarreneko udalerriren batean erroldatuta egotea.
Enplegagarritasuna hobetzea helburu duen programa honek bi ibilbide egokitu ditu
Hazilan+ programak bi ibilbide eskaintzen ditu, parte-hartzaileen profilaren arabera. Batetik, Osatu ibilbidea, lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonal eta profesionalak garatzera bideratua, taldeko tailerren bidez. Prestakuntza fase hau maiatzean hasi eta ekainean amaituko da, eta ondoren enpresetako praktikekin osatuko da.
Bestetik, Lorpen ibilbidea dago, banakakoa eta laneratze zuzenera bideratua. Dagoeneko gaitasunak dituzten pertsonei edo Euskaditik kanpo egon eta itzultzea pentsatzen ari direnei zuzenduta dago, eta izen-ematea zabalik dago jada.
Debabarrenan, programaren % 40a Europako Gizarte Funtsak (EGF+ 2021-2027) finantzatzen du, eta gainerako % 60a eskualdeko udalek.