Astelehen honetatik aurrera, Bizkaiak musika, tradizioa eta jasangarritasuna uztatzen dituen kultur gune berritu bat dauka Artean, Ailarak-Musiktopa izenekoa. Zazpi urteko lanen ondoren eta sute bat tarteko garai bateko Ekomuseoa berpiztu egiten da, folk musikari eta euskal kulturaren adierazpen garaikideei eskainitako gune bizia bihurtuz.
Ekitaldian izan dira Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Alberto Intxaurraga, Arteako alkatea, eta Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, euskal kultura eta musikaren arloko hainbat ordezkarirekin batera. Iñigo Berasategi obraz arduratu den arkitektoa, Victor Manuel Dominguez eta Izaskun Arriaga Arratiako Musika Eskolako zuzendari eta irakaslea ere bertan izan ziren. Inaugurazio ekitaldian Ane Goienetxe eta Gontzal Mendibil, irekierari soinua eta emozioa jarri dioten artistak, aritu dira.
Bizkaiko ahaldun nagusiak adierazi zuenez, "kultura nortasuna indartzeko, lotura sozialak sortzeko, talentua pizteko, integratzeko eta munduari erakusteko tresna gisa ulertzen dugu, eta espazio honek, Ailarak-Musiktopak, musika gure ondare immaterialaren funtsezko adierazpen gisa kokatzen du".
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Arteako udalak bultzatuta udal titulartasuneko proiektu honek garai bateko museoaren espiritu jasangarria berreskuratzen du eta hezkuntza-helburu berria barneratzen du: Arratiako Musika Eskolari irakaskuntzarako eta entseguetarako espazio gehiago eskaintzea. Musika, bailarako ondare immaterialaren funtsezko adierazpena, ingurunea errespetatzen duen eta transmisio kulturalarekin konprometituta dagoen proiektu baten ardatz egituratzaile bihurtzen da.
Toki berezia eta jasangarria
Ailara-Musiktopak arkitektura garaikidea eta material nobleak uztartzen ditu, didaktika, sorkuntza eta musika erakustera, eta baita paisaia lehengoratzera eta gozaraztera ere, bideratutako espazioak —barrukoak eta kanpokoak— sortzeko. Museografiari dagokionez proposamena esperientzia bakarra osatzen duten gune desberdinetan egituratzen da:
- Kanpa Sentsoriala, entzunezko esperimentaziorako sortutako eskultura- eta soinu-parkea, txistua edo txalaparta bezalako instrumentu tradizionaletan oinarritua.
- Harrera Gunea, harrera- eta zerbitzu-gunea eta informazio-gunea hartzen dituena.
- Basetxe Erakusgela, arte garaikideko erakusketa barruko espazioa.
- Burdinola, antzinako burdinolaren inguruan atmosfera inguratzailea sortzen duen eremua.
- Korta Musika Live, formatu txikiko kontzertuetarako eta tailer pedagogikoetarako eraikin multifuntzionala.
- Leon eta Maurizia Soinutegia, Arratiako Musika Eskolaren ikasketetarako eta entseguetarako akustikoki egokitutako esparrua.
Kultura-paisaia berria Artearentzat
Kanpoaldeek esku-hartze integrala izan dute paisaiari dagokionez, eta aire zabaleko benetako museoa sortu dute, ingurune naturalari eta instalazioen irisgarritasun unibertsalari balioa ematen diena.
Ailara-Musiktopak oroimena eta abangoardia uztartzen dituen erreferentziazko gune gisa irekitzen ditu ateak, bertako folklorean eta euskal artistetan oinarritutako bilduma propio batekin, lurrean eta haren soinuan sustraitutako narratiba garaikidea bultzatzen dutenak.