Datorren ostiralean, martxoaren 27an, euskaraz bizi nahi duten familiek elkarrekin jolasteko aukera izango dute Galdakaon ospatuko den Barikupasaren edizio berriari esker. Nobedade gisa, hilabete honetako edizioa Korrika udalerritik pasatzen den egunean bertan ospatuko da.

Oraingoan, Zirkua familian tailerra egingo da Kurtzeko plazan, 17:15etik 18:15eraBagabizArgizaiLudotekakGaldakao TEAyuda eta Galdakaoko Udalaren lankidetzari esker. 

Zirkugintza elkarteko kideek gidatuko dute saioa, eta orekak, akrobazia, malabareak eta jolasak landuko dituzte. Ez da abilezia berezirik behar, hastapenetako edo oinarrizko ariketak egingo baitituzte, Zirkugintza elkarteko begiraleen laguntzarekin. Halaber, ohi den bezala, Galdakaoko ludoteketako begiraleak ere bertan izango dira. Familiek izena eman behar dute online galdetegiaren bidez.

Galdakao TEAyuda taldearekin elkarlana

Apirilaren 2a Autismoaren Nazioarteko Eguna da eta Barikupasaren bidez ikusgarritasuna eman nahi zaio ezberdintasun neurodibergente askotarikoak (TEA, TDAH, dislexia, eta beste batzuk) dituzten herritarrei. Galdakaon bada elkarte bat herritar horien eta ingurukoen bizi kalitatea hobetzeko lanean dabilena: Galdakao TEAyuda

Ostiralean ospatuko da Barikupasaren edizio berria Galdakaon. G. U.

Elkartea 90 familiak osatzen dute eta herritar guztiek bizi proiektua modu egokian garatzeko aukera izan dezaten laguntzea dute helburu, aniztasun kognitiboa aintzat hartu eta oztoporik gabeko parte hartzea sustatuko duen gizarte ingurune baten alde lan eginez. Azken lau urteotan aisialdian jarri dute indarra, aisialdi inklusiboan, hain justu. Horregatik, Barikupasa ekimenarekin elkarlana egingo da data seinalatuaren bezperan.