Asteazkenera arte egongo da zabalik aurreinskripzioa Laborlanen
Aurreko urteetan garatu diren sei edizioetan Laborlanek 275 pertsona laneratzeko aukera eman du
Datorren asteazkenean, martxoaren 25ean, itxiko da Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailak bultzatzen duen Laborlan enplegu- eta prestakuntza-programa mistoan aurreinskripzioa egiteko epea.
Informazioa jaso edo aurrez izena eman nahi dutenek webgunearen bidez egin dezakete. Ohikoa denez programa klusterrekin eta enpresa-eragileekin lankidetzan garatzen da eta gaur egun enplegua sortzeko gaitasun handiagoa duten Bizkaiko ekonomiako sektore hauetan oinarritzen da:
- Eraikuntza: eraikinen birgaitze jasangarria. ASCOBIrekin lankidetzan (Bizkaiko Sustatzaileen eta Eraikitzaileen Elkartea).
- Eraikuntza: eraikuntzako makineriaren mantentze-lanak eta konponketa. Induskatzaileen Bizkaiko Elkartearekin lankidetzan.
- Teknologia: AI & Data Tech: Adimen Artifiziala eta Proiektu Teknologikoen Kudeaketa. GAIA, Ezagutzaren eta Teknologia Aplikatuaren Industriarekin lankidetzan.
- Eraikuntza: ferralla eta kofratzea. ASCOBIrekin lankidetzan (Bizkaiko Sustatzaileen eta Eraikitzaileen Elkartea).
- Ostalaritza: aretoko eta barrako zerbitzuak. Bizkaiko Ostalaritza Elkartearekin lankidetzan.
Programa hau Enpleguko eta Ekintzailetzako Foru Agentziak - DEMAk garatzen du eta aurreko sei edizioetan 554 pertsonak parte hartu dute. Horietatik 275 laneratzea lortu zen.
Laborlan Programa
Laborlan Programak sektoreko enpresetan prestakuntza teknikoa, laguntza integrala, lan-aktibazioa eta esperientzia profesionala uztartzen ditu eta kalitatezko enpleguak lortzeko beharrezko tresnak eskaintzen ditu Bizkaiko ekonomiaren funtsezko sektoreetan, hala nola eraikuntzan, ingurumenean, makinerian eta teknologian.
Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak azaldu duenaren arabera, programa honek "erantzun zuzena ematen die etengabe aldatzen ari den lan-merkatuaren beharrei". "Benetako aukerak sortzen ditugu enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzat, eta zuzen-zuzenean egiten dugu lan enpresa-sektoreekin haien eskaerak identifikatzeko eta prestakuntza egokitua eskaintzeko, pertsonen eta talentuen beharrak asetzeko", adierazi du Laespadak.
Laborlanek ikuspegi inklusiboa du eta kolektibo kalteberei zuzenduta dago, hala nola 45 urtetik gorako pertsonei, iraupen luzeko langabeei eta kalteberatasun-egoeran dauden gazteei. Programak lan-merkatuan sartzea errazten duen prestakuntza pertsonalizatua eskaintzen du, eta enplegu-aukera berriak irekitzen dizkie premia handiena dutenei.