Urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak bat egingo du aurten ere bai datorren larunbatean, martxoaren 21ean, ospatuko den Arraza Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Horretarako, sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du martxan, 'Bizkaia koloretan' lelopean.

Horregatik, nazioarteko egun hori dela eta, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailak hainbat jarduera bultzatuko ditu eta jarduera horietan parte hartuko du, gaurtik aurrera (astelehena) eta larunbatera arte, Bizkaian antolatutako arrazakeriaren aurkako astearen barruan.

Hasteko, gaur goizean egin dute 'Bizkaia koloretan' kanpainaren aurkezpen publikoa Teresa Laespada sail horretako diputatuak eta María José Blanco Portugaleteko alkateak. Musika- eta dantza-ikuskizun batzuk ikusteko aukera izan da, eta grafiti bat egin da ere.

Kanpainaren aurkezpen honetan, Laespadak adierazi du ulertu behar dela aniztasuna aberastasun kolektiboa dela eta, zailtasunak eta aukerak egon arren, ez dela inoiz hartu behar arazotzat.

Esan duenez, lanean ari dira pertsona guztiei duintasunez bizitzeko aukera ematen dien Bizkaia lortzeko, non pertsona guztiek parte sentitu eta bete-betean parte hartu ahal izango duten bizitza sozial, kultural eta politikoan. Eta erantsi du sozialki aurreratua den Bizkaia nahi dutela, non espazio publikoa denon espazioa den eta eskubideak eta betebeharrak eraginkortasunez gauzatzea bermatzen den, entzutea, enpatia eta harrera sustatuz.

Ekialde Ertainean dagoen gerrari dagokionez, defendatu du Europak berretsi egin behar duela diplomaziaren, elkarrizketaren eta gatazken konponbide baketsuaren aldeko konpromisoa, bide bakarra baita indarkeria geldiarazteko eta biztanle zibilak babesteko. Nabarmendu du ezin zaiola utzi bakea, elkarrizketa eta multilateralismoa eskatzeari. Ezberdinen arteko akordioak behar dira, bai eta negoziazioa eta politika ere, politika ona.

María José Blanco

Bestalde, Portugaleteko alkateak azpimarratu duenez, Portugaleteko Udalak bizikidetzaren eta aniztasunaren alde lan egiten jarraitu nahi du, giza eskubideen eta berdintasunaren defentsan oinarritutako gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa lortzeko.

Horrez gainera, azaldu du, martxoaren 21aren aurrean, berretsi egiten duela arrazakeriaren aurkako Portugalete eraikitzeko konpromisoa, bizikidetza eta aniztasunarekiko errespetua errealitate onargarria izan dadin, kontakizun faltsua inposatu nahi dutenen arrazakeriaren eta gorroto-diskurtsoen aurrean, beharrezkoa delako arrazoian, elkartasunean, berdintasunean eta giza eskubideen defentsa irmoan oinarritutako erantzun kolektiboak eraikitzen jarraitzea. Adierazi duenez, martxoaren 21ak gogorarazten digu, gizarte gisa, aniztasuna aberasten gaituen eta bizikidetza indartzen duen balioa dela. 

DAMBA

Kale-ekintzarekin eta kanpainaren aurkezpenarekin batera, gaurtik aurrera DAMBA arrazakeriaren aurkako jaialdi kulturaniztunaren zenbait jarduera garatuko dira, foru-erakundearen laguntzarekin.

Betto Snay jaialdiaren arduradunetako batek adierazi du DAMBA jaialdiak jarduerak izango dituela egunero, ekitaldi garrantzitsuenera iritsi arte. Larunbatean bertan izango da ekitaldi hori: kontzertu handi bat Bilboko BBK aretoan.