Bizkaiak Errenta-kanpaina aurkeztu du
Apirilaren 15ean hasiko da aitorpena modu digitalean, telefonoz edo aurrez aurre aurkezteko epea
Astelehen honetan goizean, Bizkaiko Foru Aldundiak 2025eko ekitaldiko aitorpena aurkezteko kanpaina aurkeztu du. Hala, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) aitorpena aurkezteko epea apirilaren 15ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da.
Bi hilabete eta erdiko aldi horretan, zergadunek laguntza-zerbitzu zabal batera jo ahal izango dute, bai aitorpena aurkezteko, bai zalantza guztiak argitzeko, hiru kanal hauen bitartez: digitala, telefonikoa eta aurrez aurrekoa.
Era berean, Foru Ogasunak bildutako datuekin egindako aitorpen-zirriborroa edukiko dute. Orduan, aitorpena aurkezteko, zirriborro hori aztertu eta, behar izanez gero, osatu besterik ez dute egin beharko. Halaber, herritar bakoitzak bere aitorpen-zirriborroa aztertu eta osatu ahal izango du aipatutako hiru kanaletariko edozein erabiliz, non errentaren inguruko izapide guztiak egin ahal izango baitira.
Beste alde batetik, ondarearen gaineko zergaren eta fortuna handien elkartasun-zergaren aitorpena aurkezteko kanpaina maiatzaren 4an hasiko da, kanpainaren lehen hogei egunak Errentari bakarrik eskaintzeko eta herritarrek Bizkaian onartu berri den berrikuspenaren ondoriozko berritasun fiskalak ezagutu eta uler ditzaten errazteko. Herritarrek Bizkaian onartu berri den berrikuspenaren ondorioz dauden berrikuntza fiskalak ezagutu eta sakon ulertzen dituztela bermatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak errentaren kanpainarako bakar-bakarrik erabiliko ditu lehenengo hogei egunak. Aldaketa garrantzitsuenen artean dauden honako arlo hauetan egin diren hobekuntzak: etxebizitza, kontziliazioa, berdintasuna, gizarte-aurreikuspeneko planak eta ingurumena errespetatzen duten ibilgailuen erosketa. Gainera, lehen aldiz, aitorpena aurkezteko betebeharra 20.000 eurora igo da.
Helburua da zergadun guztiek kenkari eta onura fiskal horiek behar bezala aprobetxatu ahal izatea, eta kalitate goreneko arreta-zerbitzu bat ematea, azken bi kanpainetan bikain baloratu izan dena.
Errentaren zirriborro guztiak apirilaren 15etik aurrera
2025eko ekitaldiko datu ekonomikoak dauzkaten pertsona guztiek Ogasunaren jakinarazpena jasoko dute apirilean. Jakinarazpen horretan Foru Ogasunak argituko die aitorpena aurkeztu behar duten ala ez, zein duten tributazio-aukerarik onena (banaka edo batera) eta zein den zirriborroaren behin-behineko emaitza.
Datu ekonomiko guztiak eduki ezean, Ogasunaren jakinarazpenean ez da aitorpenaren emaitza zehaztuko, eta zergadunek Ogasunak egindako zirriborroa osatu beharko dute. Zirriborro horretan, aitorpena itzultzekoa edo ordaintzekoa den adieraziko da.
Jakinarazpen horretan bertan, Bak gakoa aktibatzeko kode bat emango zaie identifikazio digitaleko sistema hori ez dutenei. Ordezkaritza-gakoa ere ekarriko du jakinarazpenak, hirugarren batek bere izenean errenta-kanpainaren izapideak egin ditzan nahi duenarentzat. Jakinarazpenak apirilaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango dira egoitza elektronikoaren sarrera-ontzian. Gainera, postaz ere bidaliko dira. Posta-bidalketak egun horretan bertan hasiko dira, eta asmoa da banaketa-prozesua hurrengo astearen lehenengo egunetan amaitzea.
Laguntza eta aurkezpena: digitala, telefono bidezkoa eta aurrez aurrekoa
Kanal digitala
Izapideak modu digitalean egin nahi dituzten zergadunek web-orria eta gailu mugikorretarako Renta Bizkaia Errenta aplikazioa erabil ditzakete. Batera zein bestera, identifikazio elektronikoko sistema baliodun baten bidez identifikatu beharko dute beren burua. Horrelakorik eduki ezean, zergadun bakoitzak bere Bak gakoa sortu ahal izango du errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabiliz. Bai web-orrian, bai aplikazioan, apirilaren 15etik aurrera zergadunek aukera izango dute beren zirriborroa eskuratzeko, berrikusi eta, gero, aitorpena aurkeztu ahal izateko.
Telefono bidezko arreta pertsonala
Errentaren telefonoan (94 608 3000), 8:30etik 19:00etara (lanegunetan), laguntza eskainiko zaie zergadunei zirriborroa berrikusi eta osatzeko eta aitorpena aurkezteko, bai eta aitorpenaren inguruan sortzen zaizkien zalantza guztiak argitzeko ere. Ordutegi horretatik kanpo, izapide errazak ere egin ahal izango dira, nahitaez arreta pertsonalizatua behar ez dutenak. Sistema automatiko batek egingo ditu halakoak.
Kontuan eduki behar da zergadunek beren nortasuna egiaztatu beharko dutela beren datu pertsonalak edo ekonomikoak telefonoz eskuratzeko. Horretarako, identifikazio-prozeduran beren Bak gakoa edo errenta-gutunean jasotako aktibazio-kodea erabili beharko dute.
Aurrez aurreko arreta pertsonala
Aurrez aurreko arreta Foru Ogasunaren bulegoetan eta Aldundiaren «Gertu» bulegoetan emango da. 12 bulego horiek Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markina-Xemeinen, Mungian, Durangon eta Portugaleten daude. Aurrez aurreko arreta lanegunetan emango da, goizeko 08:30etik arratsaldeko 19:00etara.
Nabarmentzekoa da aurretiazko hitzordua «www.bizkaia.eus/errenta» web-orrian eskatu behar dela, edo Errenta 24ko aurretiazko hitzorduaren telefonoan (94 94 406 6600 zenbakian), non Ogasuneko langileek eskatzaileei jakinaraziko baitiete zer dokumentazio aurkeztu behar duten foru-bulegoetara doazenean beren aurkezpena osatzeko. Aurretiazko hitzordua eskatzeko aldia apirilaren 13an hasiko da.
Kontuan eduki behar da aurrez aurreko arreta pertsona guztiei emango zaiela, oro har. Nolanahi ere, badaude salbuespenak: PFEZaren araudian jasota dauden eragiketa jakin batzuen bidez etekinak lortu direla-eta konplexuak diren aitorpenak ezin dira aurrez aurre aurkeztu.
Itzulketak eta sarrerak egiteko epeak
Aitorpena aurkeztu ondoren, emaitza dirua itzuli beharra bada, zergadunak zazpi egun igaro aurretik jasoko du diru-sarrera bere banku-kontuan (baldin eta ez badago desadostasunik aurkeztu dituen datuen eta Ogasunak dauzkan datuen artean).
Ogasunak gogorarazi du beharrezkoa dela aitorpena espresuki aurkeztea, baita itzultzekoa denean ere, honako kasu hauetan: 2024ko zergaldiko aitorpena espresuki aurkeztu bazen edota itzulketaren zenbatekoa 300 eurotik gorakoa denean, salbu eta zergadunak edo zergadunetako batek, baterako aitorpenaren kasuan, 65 urte edo gehiago baditu zergaren sortzapen-datan.
Nolanahi ere, zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egin ez delako itzulketa lortzen ez bada ere, gogoratu beti eskatu ahal izango duzula itzulketa 4 urteko preskripzio-epearen barruan.
Itzuli beharreko gainerako kasuetan, aurreko urteetan bezala, langileek automatikoki jasoko dute diru-sarrera uztailaren lehen egunetan, zirriborroa aurkezteko edo aldatzeko ekintzarik egiten ez badute.
Aurkeztutako aitorpenaren emaitza Ogasunari ordaindu behar izatea bada, kopurua zergadunaren banku-kontuan zordunduko da, kanpaina amaitu ondoren, aitorpena noiz aurkeztu duen kontuan izan gabe.
Kanpainako berritasunak
Aurreko kanpainan, higiezinen errentatzaileei tentsiopeko eremuetako alokairuen erreferentzia-balioak zehazteko behar ziren datuak eskatu zitzaizkien, baina aurtengo kanpainan errentariei ere eskatuko zaie higiezina identifikatzeko, eta horrek aukera emango du Bizkaian alokatutako higiezinen erreferentzia-balioei buruzko informazio gehiago izateko.
Beste alde batetik, mantendu egingo da, aurreko kanpainan bezala, errenta-aitorpena aurkeztu eta berehala errentaren ordainketa geroratzeko eskatzeko aukera. Era berean, ordezko aitorpen bat aurkeztu ahal izango da, lehenengo aurkeztutakoa ordezteko, baldin eta lehen aurkezpenaren hurrengo eguneko 24:00ak baino lehen aurkezten bada.
Mantendu egingo da tributatzeko hautaturiko modua aldatu ahal izatea (banakakotik baterakora eta alderantziz), «ordezko» aitorpena aurkeztuz. Baterako tributaziotik banakakora aldatuz gero, baliogabetu egingo da aurretik aurkeztutako baterako aitorpena, eta bi zergadunek berriro ere aurkeztu beharko dituzte banakako aitorpenak. Kasu horretan, banakako aitorpen horietako bakoitza aurkezteko, beste ezkontidearen ordezkaritza-gakoa eman beharko da. Ondorio horietarako, aurkeztutako azken aitorpena izango da Ogasunarentzat balioko duena.
Era berean, aurreko kanpainan bezala, aitorpenaren zirriborroan aukera izango da adierazteko etorkizuneko kanpainetan ez dela jaso nahi aurretiko gutunik paperean. Horrek esan nahiko du ez direla paperean jasoko etorkizuneko errenta-kanpainen hasierako informazioari buruzko jakinarazpenak. Aukera horrek jakinarazpen horri bakarrik eragiten dio, ez errenta-aitorpena aurkeztearen ondorioz egiten diren gainerakoei.
Errenta-aitorpena aurkeztu beharra
Ogasunak gutun bidez edo jakinarazpen elektroniko bidez adieraziko dio zergadun bakoitzari PFEZaren aitorpena aurkeztu behar duen ala ez. Nolanahi ere, eta oro har, ez dute aitorpenik aurkeztu behar 20.000 eurotik beherako lan-etekin gordinak izan dituztenek, ez eta kapitalaren etekin gordinak eta ondare-irabaziak batera 1.600 eurotik beherakoak izan dituzten pertsonek ere.
Ondarearen gaineko zerga eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zerga
Maiatzaren 4tik ekainaren 30era arte ondarearen gaineko zergaren aitorpena ere aurkeztu ahal izango da, bai eta fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun-zergarena ere.
Ogasunak gogorarazi nahi du ezen, aitorpen hori egiteko, web-aplikazio bat ezarri zela iaz, aukera ematen duena, aitorpenaren zirriborroa ez ezik, likidazioaren simulazioa ere eskuratzeko. Aplikazio hori erabilerraza eta sarbide errazekoa da erabiltzailearentzat, ez baita aldez aurretik ezer instalatu behar eta Interneterako konexioa duen edozein ordenagailutatik exekuta baitaiteke web-nabigatzailearen bidez, zergadunaren datu fiskalak automatikoki sartuz. Teknologia berbera erabiltzeak errentaren gaineko zergaren, ondarearen gaineko zergaren eta fortuna handien gaineko zergaren artean izan behar den koordinazioa ahalbidetuko du.