Durangok udal-auto elektrikoentzako kargagailua instalatuko du San Agustinalde kalean
Galtzareta eta Jose Miel Barandiaran kaleen artean, San Agustinalde kalean, trafikoa moztuko da, hobekuntza lanak egin ahal izateko
Herri jasangarriago baterantz jotzeko erronkan, Durangoko Udalak 46.400 euroko aurrekontua bideratu du udal-auto elektrikoetarako kargagailu berri bat jartzeko. Kargagailu berria San Agustinalde kalean kokatuko da. Lanak datorren astelehenean hasiko dira, martxoaren 16an, eta horiek bi asteko epean amaitzea aurreikusten du Udalak.
Lan horiek direla eta, trafikoa eten beharko da San Agustinalde kalean, Galtzareta eta Jose Miel Barandiaran kaleen artean. Mozketa horrek Zumalakarregi kaleko eta alde zaharreko sarbidean eragina izango du. Eragozpenak gutxitzeko, Jose Miel Barandiaran kalean zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da, eta inguruan dauden denda, garaje eta etxebizitzetara sartzeko aukera emango da, betiere ibilgailuek 5T baino gehiagoko pisua ez badute.
Gainera, obrak egiten diren bitartean, Jose Miel Barandiaran kalean aparkatzea debekatuko da, inguruko egoiliar eta erabiltzaile guztientzat sarbide arina eta segurua bermatzeko.
Durangoko Udalak herritarren ulermena eta laguntza eskertu nahi izan die biztanleei, esku-hartze horrek sor ditzakeen aldi baterako eragozpenen aurrean.
Birjinoste
Astelehenean baita ere, Birjinosteko urbanizazio eremuan eta inguruko bideen arteko lotura-puntuetara helduko dira lanak eta horrek, zirkulazioa aldi baterako etetea eragin dezake. Horregatik, herritarren ulermen eta lankidetza eskatzen da trafijoaren baldintza berrietara egokitzeko.
Lanen eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko ahalegina egingo du Udalak, eta herritarren lankidetza eskertu du baita ere.