Ostegun honetatik aurrera erabilgarri egongo da Getxoko lehenengo Bizipark aparkaleku segurua. 32 bizikleta gordetzeko ahalmena du, eta Algortako Manuel Gainza aparkalekuan kokatuta dago.
Kudeaketarako software bat du internet bidezko konexioarekin, sarbideak kontrolatzeko sistema, barruko argiztapen iraunkorra, suaren aurkako 8 segurtasun armairu, banakako elektrizitate hargunearekin, eta Udaltzaingoaren segurtasun zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza sistema bat.
Esperientzia pilotu bat da, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu publiko hori prest jartzeko eta hasteko sinatutako akordioaren emaitza; zerbitzua dagoeneko abian jarri da lurraldeko beste toki batzuetan ere. Hitzarmen horren esparruan, Aldundiak 50.000 euroko zuzeneko diru-laguntza eman dio udalari, aparkaleku-modulua kokatuta dagoen Manuel Gainza aparkalekuko -1 solairuko espazio bat (hiru partzelen baliokidea) egokitzeko eta ekipatzeko lanak finantzatzeko (Biziparkerako sarbidea aparkalekuko ibilgailuen irteeran dago, Bolue kalean). Udalak bere gain hartzen du zerbitzuaren kudeaketa eta mantentzea.
Inaugurazioa
Biziparken inaugurazioan, Carlos Sergio Ingurumen zinegotzia eta Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatua izan dira, Ángel Anero Bizkaiko Foru Aldundiko Mugikortasuneko zuzendariarekin batera.
Carlos Sergiok azpimarratu duenez, “Bizipark-Getxok eraiki nahi dugun udalerri mota sinbolizatzen du: etorkizunari ausardiaz begiratzen dion Getxo, iraunkortasunaren alde egiten duena, ez eslogan gisa, baizik eta komunitateko bizitza ulertzeko modu gisa. Hemen aparkatzen den bizikleta bakoitza ingurune garbiago, seguruago eta gizatiarrago baten aldeko aukera kontzientea da. Eta erakunde gisa dugun konpromisoa da hautaketa horretan konfiantza sortzen duten eta mugikortasun eredu jasangarriago, osasungarriago eta pertsona guztientzat irisgarriago baterantz aurrera egiten errazten duten zerbitzuekin laguntzea. Izan ere, mugitzen garen moduaren aldaketa txiki bakoitzak etorkizunerako nahi dugun Getxo eraikitzen laguntzen du”.
Bestalde, foru diputatuak azpimarratu du azpiegitura hori mugikortasun aktiboa bultzatzeko eta bizikletaren eguneroko erabilera errazteko lurraldearen estrategiaren parte dela. “Bizipark bezalako azpiegiturak funtsezkoak dira gero eta pertsona gehiagok ohiko joan-etorrietan bizikleta segurtasunez eta erosotasunez erabili ahal izateko. Aldunditik udalerriei laguntzen jarraitu nahi dugu mugikortasun jasangarriago bateranzko aldaketa horretan”, adierazi du Sonia Perezek.
Era berean, diputatuak azpimarratu du horrelako instalazioek aukera ematen dutela lurraldeko garraio sistemaren intermodalitatean aurrera egiteko. “Bizkaia mugikortasun eredu baten alde egiten ari da, non bizikleta, garraio publikoa eta oinezko joan-etorriak elkarren osagarri diren. Bizipark edo BizkaiBizi bezalako zerbitzuek herritarrek modu osasungarrian, efizientean eta ingurunea errespetatuz mugitzeko aukera gehiago izaten laguntzen dute”, gaineratu du.
Erabilera eta funtzionamendu baldintzak
Bizikletentzako aparkaleku segurua 16 urtetik gorako erabiltzaileentzat da (18 urtetik beherakoek tutorearen bidez erregistratuta egon beharko dute), eta eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri, urteko 365 egunetan. Zerbitzuaren kudeaketa horretarako gaitutako web plataforma baten bidez egingo da, hainbat gailutatik (PCa, mugikorra edo tableta) erabil daitekeena. Plataforma horren bidez, interesdunek alta eman eta ordainketa egin ahal izango dute, aukeratutako erabilera modalitatearen arabera.
Sistemak udalerrian zein udalerritik kanpo bizi diren pertsonak erregistratzea ahalbidetuko du, sarbide ordenatua eta gardena bermatuz. Plazak eskaeraren ordenaren arabera esleituko dira, erabilgarri dagoen edukiera bete arte, eta itxaron zerrenda bat ezarriko da eskaera handiegia bada. Erabiltzaileek bonu hauek kontratau ahal izango dituzte: hilekoa, 4 euro; hiruhilekoa, 10 euro; seihilekoa, 20 euro; edo urtekoa, 40 euro.
Udalak azpimarratu du Bizipark ez dela bizikleta gordetzeko leku soila. Baimendutako pertsona bakoitzak aparkaleku bakarra izango du, eta bere baliabideekin ziurtatu beharko du bizikleta. Horrez gain, segurtasun-itxitura duten aldi baterako armairuak eta bateriak kargatzeko konexio elektrikoa izango ditu, gehienez ere 12 orduz jarraian erabiltzeko. Gainera, BiziParken barruan erabilera libreko BiziPuntu bat dago, konponketa txikietarako tresnarekin eta gurpilak puzteko kitarekin hornitua.
Detektatzen bada aparkalekua ez dela erabili 14 egun natural baino gehiagoko aldian, Udala erabiltzailearekin harremanetan jarriko da egoera horren berri emateko. Arrazoi beragatik ondoz ondoko bi ohartarazpen egiten badira, zerbitzuan baja emango da eta bizikleta ibilgailuen udal biltegira eraman ahal izango da, abandonatzeagatik.