Aurreko urtean egin zuen bezala, Galdakaoko Udalak zozketa batean aukeratuko diren bi herritarrei utziko die erositako Korrikako kilometroa. Ekimena martxoaren 27an, ostirala, igaroko da udalerritik, goizeko zazpiak aldera. Aperribaitik sartuko da eta, handik abiatuta, Bengoetxe eta Urreta auzoak igaroko ditu erdigunera iritsi aurretik. Galdakao zeharkatu ondoren, Usansolorantz jarraituko du euskararen aldeko ekimen nazionalak.

Korrikaren 24. edizioa martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta martxoaren 29an amaituko da Bilbon, hamaika egunez etenik gabe Euskal Herria zeharkatu ondoren. Guztira 2.175 kilometro egingo ditu aurten eta 3.436 errelebo izango ditu, ia 460 herri zeharkatuz.

Juan Bautista Uriarte kaleko kilometroa

Ohi den bezala, Galdakaoko Udalak Juan Bautista Uriarte kaleko zati bateko kilometroa erosi du. Aurreko edizioan, duela bi urte, lehen aldiz erabaki zen kilometro horretan herritarrek Korrikaren lekukoa eramatea, galdakoztarrei herria ordezkatzeko aukera emanez. Izan ere, herria herritarrek egiten dutela sinetsita, Udalak beraien esku utzi nahi izan zuen Galdakaoren izenean lekukoa eramateko ohorea.

Aurten ere bide beretik jarraitzea erabaki du Udalak, eta bi herritarrek izango dute Galdakaoko tarte horretan lekukoa eramateko erantzukizuna. Horiek zozketa bidez aukeratuko dira. Beraz, parte hartu nahi dutenek igandera arte, martxoak 15, eman ahal izango dute izena, online eskuragarri dagoen formulario laburra betez; NAN-a, izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa baino ez dira eskatzen.

Zozketa martxoaren 16an egingo da, astelehenez, Euskara Batzordean, eta astean zehar jakinaraziko du Udalak nortzuk izango diren Galdakaoren izenean Korrikaren lekukoa eramango duten herritarrak.