Bizkaiko herritarrak ase eta pozik daude lurraldeko errepideekin. Hori da Bizkaiko Foru Aldundiak Gizakerrek egindako Bide-sarearen kalitateari buruzko pertzepzioa 2025 informearen emaitzetatik ateratako ondorio nagusia. Bada, azpiegitura horiek 7,74ko balorazio orokorra jasotzen dute. Astelehen honetan goizean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Carlos Alzagak sakon hausnartu du horri buruz.
Azterlanak Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen Bizkaiko errepideen sarea osatzen duten 1.242 kilometroei buruz herritarrek duten iritzia eta balorazioak jasotzen ditu urtero. Kasu honetan Gizakerrek egin duen inkesta telefonoz egin zitzaien 3.000 pertsonari 2025eko azaroaren 18tik 29ra.
Oro har ondorioa da Bizkaiko herritarrak ase eta pozik daudela lurraldeko errepideekin, eta azpiegitura horiek 7,74ko balorazio orokorra jasotzen dutela. Carlos Alzagak azaldu duenez "analisi gurutzatuak erakusten du bide-sareak profil oso sendoarekin jarraitzen duela, adierazle gehienek 7,5etik 8,5era bitarteko puntuazioa lortzen dutelako".
Ildo horretatik sarearen indarguneak seinaleztapen ona (8,42), garbiketa (8,56) eta segurtasuna eta larrialdiak (8,07) dira. Aurten, berriz ere, garbitasunarekiko gogobetetze-maila altua eta egonkorra da. Bazterbideetan zikinkeriarik ez egotea eta sastrakak behar bezala garbitzea dira gehien baloratzen diren arloak eta Uribe Kosta, Mungialdea, Arratia-Amorebieta eta Ezkerraldea dira baloraziorik altuena jasotzen dutenak. Oraindik ere herritarrek hobekien hautematen duten beste zutabeetako bat segurtasuna da, % 85ek baino gehiagok positibotzat jotzen baititu larrialdi-zerbitzuak eta obren seinaleztapena.
Alzagaren balorazioa
"Balorazio orokor hauek estandar altua eskaintzen dute, Euskadin eta Estatuan hautemandako batez bestekoa baino handiagoa; horrek indartu egiten du Bizkaiko Foru Aldundiaren kaudimen-irudia", azaldu du diputatuak.
Beste alde batetik, gidariek zoladurako zorua (6,39) eta eremu zehatzetako ingurumen-inpaktua (7,45) aipatzen dituzte hobetzeko eremutzat. Horri dagokionez Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azaldu du bere sailak ahalegin handia egin duela bide-zoruak hobetzeko, iaz 7,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin baitzuen: 4,3 milioi Zoruak Berroneratzeko 2025eko Planean; 3,1 milioi nahasketa epelak erabiliz zoruak indartzeko eta gainerakoak foru sareko jarduketa txikietan.
Ingurumen-inpaktuari dagokionez Alzagak gogorarazi du Bizkaiko Bide Azpiegituretako Berrikuntza eta Jasangarritasun Plana 2024-2027 aplikatzen jarraitzen dela; Plan honen ardatza ingurumen-inpaktua murrizteko eta azpiegituren iraunkortasuna handitzeko eraikuntza-material eta -praktika jasangarriak hartzea da.
Argiztapena
Carlos Alzagak, era berean, errepideetako argiztapenaz hitz egin du. "Gure ingurumen-konpromisoaren beste ildo nabarmen bat lantzen ari gara, argiztapen konbentzionalaren ordez LED teknologia erabiliz; 10,5 milioi euroko inbertsioari esker argi-puntuen % 90 berritu ahal izan dira. Helburua 2030ean % 100era iristea da, eta horrek % 50 eta % 60 arteko energia aurreztea ekarriko du", adierazi du.
Inkestan foru-sarearen trazadura eta obren seinaleztapena ere aztertzen dira, eta pertzepzio mistoa jaso dute. % 80 inguruk positibotzat jotzen ditu elkarguneetatik edo kurba erraz eta zabaletatik beste errepide batzuetara sartzeko txertaketak; hala ere, sestra-aldaketa arriskutsuak eta peralte desegokiak ere aipatzen dira.
Obretako seinaleztapenari dagokionez gidariek seinaleen argitasuna eta kontserbazioa nabarmentzen dute, informazio-panelak irakurtzeko denbora nahikoa baitute, eta obretako seinaleztapena ona dela adierazten dute. Desbideratzeei eta mozketei buruzko aurretiazko informazioa da, herritarren ustez, punturik ahulena, aurreko inkestarekin alderatuta emaitza hobetu den arren.
Azkenik, inkestaren arabera, trafikoaren pilaketa da oraindik ere herritarrek modu espontaneoan adierazitako arazo nagusia. % 65ek dio ez duela inoiz edo ia inoiz pilaketarik jasaten, eta % 33k egunero edo ia egunero jasaten du horrelakoren bat. Lurraldeen arabera pilaketak Bilbo, Ezkerraldea, Txorierri eta Mungialdeko sarbideetan metatzen dira.
Proiektu nagusien balorazioa
Inkestaren beste atal bat Bizkaiko Foru Aldundia garatzen ari den proiektu nagusiak baloratzean datza, jasotako iritziak eskualdeka bereiziz. Ildo horretatik Bizkaiko mugikortasunerako proiekturik nagusi eta estrategikoenetako bat itsasadarraren azpiko tunela da. Tunelaren obrak aurten hasiko dira eta gutxienez sei urtez luzatuko dira. Carlos Alzagak obra honek jaso dituen 7,48 puntuen balioa nabarmendu du. Galdetutako pertsonen % 79,1ek berretsi egiten du itsasadarraren azpiko errepide berriak Bizkaiko trafikoa arintzen lagunduko duela.
"Azpimarratzekoa da Ezkerraldeko biztanleengandik jaso duen balorazio altua (8,26)", adierazi du Alzagak. Gainera azpiegiturak Txorierrin (7,75) eta Uribe Kosta-Mungialdean (6,63) lortu duen balorazioren berri eman du.
Gaur egun egiten ari diren beste lan batzuk lortu dituzten balorazioak gogoarazi ditu, hala nola Etxebarria-Markina saihesbideak, 6,39; oraintsu iragarri den Ermuko mendebaldeko saihesbideak, 8,35; Las Carreraseko saihesbidearen proiektuak, 7,74; eta Bidebieta eta Sollube gainaren arteko tartean BI-631 errepidearen trazadura hobetzeak, 8,13.
Era berean, azterlanean Bizkaiko Foru Aldundiaren beste lan-ildoa, Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean (BBBLPS) oinarritzen dena, baloratzen da. Horrela inkestatutako pertsonek 8,53 puntu eman dizkiote Arbuion (Alonsotegi) Cadagua ibaiaren gainean oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat eraikitzeari; 7,93 puntu Larrabetzu-Erletxeta bizikleta-pistaren lanei; 7,95 puntu Basauri-Etxebarri eta Bilbo arteko bidegorriari, eta 8,24 puntu Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren beste proiektu handi bati, hain zuzen ere Bilbo, Erandio, Leioa eta Getxo bidegorriz lotzen dituen eta All Iron zubiaren bidez Barakaldora hedatzen den itsasadarraren ondoko bulebarrari.
"Ez dut zalantzarik Estatua eta Europa erreferentziatzat hartuta maila bikainean gaudela; baina perfekzioa ez da existitzen. Horregatik, lanean jarraitu behar dugun hobekuntza-arloak azpimarratzen ditugu, datorren urteko zuekiko topaketan datuak hobetu ditugula esan ahal izateko", adierazi du Carlos Alzagak amaitzeko.