11 zebrabideren argiztapena eta seinaleztapena hobetuko ditu Durangok
150.936 euroko aurrekontua duen jarduketa martxoan gauzatuko da
Durangoko Udalakinbertsio garrantzitsua egingo du udalerriko zebrabideetan gidarien zein oinezkoen segurtasuna hobetzeko. Guztira 150.936 euroko aurrekontua bideratuko du, besteak beste, ikusgarritasuna indartzeko. Lanak esleitu berri ditu Udalak, herritarrek helarazitako eskariari erantzunez. Jarduketa honen helburua gune estrategikoetako seinaleztapena eta argiztapena hobetzea da, oinezkoen segurtasuna areagotzeko.
Zehazki, 11 zebrabidetan jardungo da, Madalenako biribilgunetik Frai Juan Zumarraga eta Alluitz lotzen dituen biribilguneraino. Era berean, Olleriako zebrabide batean eta Alluitz eta Sasikoa kaleen arteko biribilgunean kokatutako beste bitan esku hartuko da. Horrela, ohiko igarobideetan jardungo da, ikusgarritasuna eta segurtasuna indartzeko.
Esan bezala, jarduketa horretarako aurrekontua 150.936 eurokoa da, eta lanak martxoan zehar egitea aurreikusten da. Inbertsio horrekin, Udalak espazio publikoaren etengabeko hobekuntzarekin eta udalerrian ibiltzen diren pertsona guztien segurtasunarekin duen konpromisoa berresten du.
Proba
Gogoratu behar da joan den abenduan proba bat egin zela Astxikiko zebrabidean, eta argi balizak jarri zirela lurrean. Esku-hartze pilotu horri esker, haren iraunkortasuna ebaluatu ahal izango da, eta, emaitza onak eskainiz gero, sistema hori Durangoko beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera aztertu ahal izango da.
Esku-hartze horrekin, Udalak beste urrats bat emango du udalerriko kaleetako segurtasuna indartzeko, bizilagunen eskaerei erantzunez eta herritar guztientzako hiri-ingurune ikusgarriago, seguruago eta erosoagoen alde eginez.