Lurraldeko dinamika demografikoei buruzko ezagutza indartzeko eta populazioaren zahartzearen erronkaren aurrean politika publikoen garapena orientatzeko aukera emango duen Bizi-luzetasunaren eta Zainketen Behatokia sortu eta arautzen duen foru-dekretuaren proiektua onartu berri du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Behatokia Gizarte Ekintza Saileko Bizi-luzetasunaren eta Erronka Demografikoaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita egongo da, eta bizi-luzetasunari eta iraupen luzeko zainketen antolamenduari buruzko analisia egin eta ezagutza sortzeko eginkizuna izango du.

Espazio hori sorturik, Aldundiak ebidentzian oinarritutako politika publikoak garatzeko konpromisoa indartzen du, etengabe aldatzen ari den gizarte-errealitatera egokitzeko gai diren politika publikoak garatzeko konpromisoa. Tresna berri horri esker, gizarte-politiken plangintza hobetu ahal izango da, erabakiak modu sendoagoan hartu ahal izango dira eta handitu egingo da biztanleriaren zahartzeak eta zaintza-sistemen bilakaerak planteatzen dituzten erronkei aurrea hartzeko Bizkaiak duen gaitasuna.

Tresna berria

Tresna berri honen sorrerak, beraz, Bizkaiak datozen hamarkadetan izango duen erronka nagusietako bati erantzuten dio: biztanleria zahartzen doala apurka-apurka eta bizi-luzetasunak gero eta eragin handiagoa duela gizartearen, ekonomiaren eta zaintzaren antolamenduan. Bizi-itxaropena etengabe handitzea (familia- eta gizarte-egituren aldaketarekin batera) sakonki eraldatzen ari da pertsonen premiak eta erakunde publikoek eman beharreko erantzunak.

Testuinguru horretan, ezagutza, analisi eta hausnarketarako gune egonkor bihurtzeko sortu da behatokia. Horrela, hobeto ulertzen lagunduko du nola bilakatzen den bizi-luzetasuna gure lurraldean, unean-unean sortzen ari diren joerak identifikatu ahal izango dira eta, era berean, lagungarri izango da informazio zorrotz eta eguneratuaren bidez erabaki publikoak hartzeko.

Behatu, aztertu eta aurrea hartu

Behatokiaren jarduera zenbait lan-eremuren inguruan egituratuko da, eremu horiek lurraldearen ezagutza eta aurrea hartzeko gaitasuna hobetzera bideraturik egongo dira. Lehenik eta behin, jarraipen soziodemografikoa egingo du, Bizkaiko zahartzearekin eta iraupen luzeko zaintzekin lotutako adierazleen bilketa eta analisi sistematikoa eginez. Lan horri esker, gure lurraldearen bilakaera demografiko eta sozialaren ikuspegi etengabea izango dugu.

Behatokiak, horrez gainera, adinekoen egoera eta premiak nola aldatzen ari diren jakiteko azterketa eta analisi espezifikoak bultzatuko ditu. Behatokiaren beste lan-ardatzetako bat prospektiba izango da, hau da, etorkizuneko egoerak aurreratzea eta gogoeta egitea bizi-luzetasunak epe ertain eta luzera planteatzen dituen erronkei buruz. Gogoeta estrategikorako eta adituekin lankidetzan aritzeko espazioen bidez, Behatokiak laguntza eskainiko du gertatzen ari diren aldaketa demografiko eta sozialetarako prestatzen Bizkaia.

Behatokiak zeregin garrantzitsua izango du ezagutzaren transferentzian eta zabalkundean. Horretarako, txostenak, azterlanak eta datuak bistaratzeko tresnak prestatuko ditu, bai eta truke-espazioak eta prestakuntza-jarduerak sustatu ere profesionalentzat, arduradun publikoentzat eta herritarrentzat.