Egun berezia izango da apirilaren 6a Galdakaoko biztanleentzat, bertan hasi eta amaituko baita Itzulia 2026ko laugarren etapa. Hala, Udalak atzo aurkeztu egin zuen Galdakao-Galdakao etapa hori, Torrezabal Kultur Etxean egindako ekitaldi batean.

Ekitaldian hainbat udal ordezkarik parte hartu zuten, haien artean Edurne Espilla alkateordeak eta Asier Korta Kirol zinegotziak; baita etapa babesten duten enpresetako arduradunek, Itzuliako zuzendari Javier Riañok eta Igor Anton txirrindulari galdakoztarrak ere; azken honek probako ibilbidea prestatzen parte hartu du. Horiek probaren kirol eta antolakuntza xehetasunak azaldu zituzten. Etaparen nolakotasuna azaltzen duen bideo bat ere erakutsi zuten; bideoan Antonek berak eta Galdakao Txirrindulari Elkarteko Andoni Etxabek parte hartu dute.

Etapa apirilaren 9an izango da, eta hainbat kilometro egingo ditu herriko erdigunetik zein kanpoaldeetatik. Aurreratu zutenez, etapa bereziki gogorra izango da, ibilbideak metatutako desnibel handia duelako, Galdakao inguruan hainbat igoera izanik. Horien artean nabarmentzekoa da Elorritxuetako igoera; litekeena da puntu horrek etaparen garapena baldintzatzea eta helmugara iritsi aurretik txirrindulariak frogan jartzea, berriro hirigunera itzuli aurretik.

Gonbidatu bereziak

Bestalde, gonbidatu bereziak ere bertaratu ziren, hala nola Jonathan Castroviejo, Iñaki Parada, Irene San Sebastian eta Monica Lopez. Haiek Galdakaon txirrindularitzak bizi duen egoeraz eta kirol honek herrian duen sustraiaz hausnartu zuten. Ildo horretan, halako ekitaldi bat hartzeak herriarentzat duen garrantzia azpimarratu zuten, bai kirol ikuspegitik bai herriaren proiekzioari dagokionez.

Azkenik, ekitaldiak fokua harrobian jartzeko aukera eman zuen, Galdakao Txirrindulari Elkarteak belaunaldi berriekin egiten duen lana nabarmenduz. Testuinguru horretan, GELA taldearen urteko aurkezpena egin zen, Igor Antonen beste aurpegia ere agerian utziz: oinarrizko txirrindularitza sustatzen eta kirol honetan lehen urratsak ematen ari diren gazteei laguntzen egiten duen lana eta inplikazioa.

Ekitaldia taldeko argazki batekin amaitu zen, Itzulia 2026 Galdakaora iristearen inguruan sortu den lankidetza eta ilusio partekatua irudikatuz. Irudi horrekin eman zitzaion amaiera topaketari, giro baikor eta ilusioz beterikoan, apirilaren 9an Galdakao Euskal Herriko txirrindularitzaren mapan kokatuko duen hitzorduari begira.