Aste honetan ospatutako bilkuran onartu egin du Abadiñoko Udalak, ludoteka eta Udalekuak bezalako zerbitzuak eskainiko dituela aurten ere bai, aurreko urteetan egin bezala. Udalerrian erroldatuta dauden edo bertan ikasten duten haurrek eman ahal izango dute izena.
Berritasun nagusi gisa, eta herritarrek egindako eskaerari erantzunez, lau aste iraungo dute aurten, eta, familiek, asteka izena emateko aukera izango dute, derrigorrez hilabete osoko prezioa ordaindu beharrean. Egokitzapen horrek, malgutasun handiagoarekin jokatzeko aukera emango die familiei.
Interes publikoko zerbitzu bat da, eta, udako oporretan, heziketarako eta aisialdirako gune bat eskaintzea du helburu. Hezkuntza ez-formalaren bidez, ludotekek eta udalekuek haurren garapen pertsonalean eta sozialean laguntzen dute, bizikidetza, sormena eta talde-lana bezalako balioak sustatuz. Gainera, programa horiek garrantzi berezia hartzen dute, udan haur askok ez baitute euskara egunero erabiltzeko aukerarik.
Prezioak
Bestalde, zerbitzu honek familien kontziliazioa ere erraztu nahi du. Udalak konpromisoa hartzen du prezioa familientzat oztopo izan ez dadin; hau da, egoera ekonomikoak ez dezala eragotzi haur guztiek baliabide horiez eta haren onurez gozatzerik. Bide horretan, Udalak aurreratu du iaz onartutako hobariak eskatu ahal izango dituztela beharrizan gehien dituzten familiek.
Zerbitzuaren iraunkortasuna bermatzeko, Euskara eta Hezkuntza Batzordeak prezioak eguneratzeko beharra ikusi du, KPIaren igoerara egokituta. Ludotekei eta udalekuei dagozkien zenbatekoak erantsitako dokumentuan daude jasota.