Txilen ospatutako 'Txileko ETEen eta kooperatiben sustapen produktiboaren etorkizuna' izeneko eta Sercotecek antolatutako Nazioarteko Mintegian hartu egin du parte Bizkaiko Foru Aldundiak, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailari atxikitako DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bidez.

DEMAk Sarekin Sarea aurkeztu du, Bizkaiko ekintzailetza-ekosistema, zeinak 100 erakunde publiko, pribatu eta prestakuntza-arloko baino gehiago biltzen baititu, pertsona ekintzaileei zuzendutako baliabideak, laguntzak eta prestakuntza-ekintzak koordinatzeko.

2018an sortua, Sarekin Sarearen helburua da ekosistemako eragile guztien arteko sare trinko bat ezartzea, ekintzaileek orientazioa eta laguntza koordinatua aurki dezaten. Sareak aholkularitza eta prestakuntza koordinatua eskaintzen du, enpresa-proiektuen sorrera, sendotzea eta eskualdatzea errazteko. Bere ekimenen artean daude Bizkaiko Ekintzailetza Eskola eta Sarekin sariak.

DEMAk sustapen produktiboaren gobernantzari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du

DEMAko gerente Gloria Mugicak "Sustapen produktiborako instituzionaltasun eta gobernantza berriak" izeneko mahai-inguruan parte hartu du, eta bertan Sarekin Sarearen funtzionamendua azaldu du, ekintzailetzari eta enpresari laguntza publikoa emateko arloan koordinazio instituzionalerako eredu gisa.

Mahai-inguruan, halaber, garapen produktiboarekin eta mikro, enpresa txiki eta ertainei zein kooperatibei laguntzearekin lotutako hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu dute; besteak beste, Conquito Sustapen Ekonomikorako Korporazioko eta Ekoizpenaren Sustapenerako Korporazioko (Corfo) ordezkariek.

Topaketan zehar, sustapen produktiboarekin lotutako beste esparru batzuk ere jorratu dira, hala nola berrikuntza, kooperatibismoa eta teknologia berrien erabilera, adimen artifiziala barne.

Sercotecen eta DEMAren arteko lankidetza-akordioa

DEMAk mintegi honetan izan duen parte-hartzea 2025eko abenduan Sercotecek eta DEMAk sinatutako elkar-ulertze memorandumean kokatzen da. Akordio horren bidez, lankidetza-esparru bat ezartzen da mikro eta enpresa txikiak zein kooperatibak indartzera bideratutako metodologiak, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko, arreta berezia jarriz ekonomia sozialean, enpresen eskualdatzean eta nazioartekotzean.

Aurreikusitako lan-eremuen artean daude ekintzailetzari laguntzeko sare publikoen azterketa —Sarekin Sarea, besteak beste— eta bi lurraldeen arteko ikaskuntza instituzionaleko ekintzen garapena.