Durangoko Udalak 308.837,41 euroko aurrekontua bideratuko du udalerriko hainbat kaletako zorua berritzeko. Lan horien helburua bide-segurtasuna hobetzea da, hiri-irisgarritasunean aurrera egiteko. Obrak astelehen honetan hasiko dira, urtarrilaren 26an, eta bi hilabeteko iraupena izango dute.
Lanak udalerriko hainbat gunetan egingo dira, besteak beste, Intxaurrondo kalean, Laubideta kalean eta Aliendalde industrialdean. Horietan, gainera, jarduketa espezifikoak egingo dira oinezkoentzako pasabide goratu batzuen maldak murrizteko, mugikortasun murriztua duten pertsonei joan-etorriak errazteko, baita orgatxo eta bizikleten erabiltzailei ere. Bestalde, Gallanda kalean, Landako – Fray Juan de Zumarraga kalean, Kurutziagako zati batean, San Rokebideko beste tarte batean eta udalerriko beharrezko jotako beste zenbait gunetan esku-hartzeak egingo dira.
Asfaltatze orokorraz gain, jarduketak trafikoaren abiadura moteltzeko neurriak aplikatzea ere aurreikusten du, bizitegi- eta eskola-zonaldeetako segurtasuna indartzeko. Guztira, 7.200 metro koadro asfaltatuko dira, eta horrek garrantzi eta irismen handiko esku-hartzea dakar.
Bizilagunentzako eragozpenak ahalik eta gehien murrizteko eta zirkulazioa errazteko, lan batzuk gauez egingo dira, batez ere trafiko gehien dagoen guneetan.
Durangoko Udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie lan hauek gauzatzen diren bitartean erakutsitako ulermenagatik eta lankidetzagatik. Kanpainak irauten duen bitartean, lanen bilakaeraren eta hiri-mugikortasunean izan daitezkeen behin-behineko eraginen berri emango da unean-unean, udalaren kanal ofizialen bidez.