Lekeitioko futbolaren historia ez da soilik kirol ibilbidea; herri baten bilakaeraren isla ere bada. Hondartzatik hasi, futbol salatik igaro, eta Larrotegiko, orain Kepa Naberan Kalzakorta Futbol Zelaia, belar artifizialera heldu arte, Lekeitio Futbol Taldeak urratsez urrats eraiki du gaur egungo egitura. Herriko gazteek beti izan dute protagonista papera, eta klubak etengabe egin du lan identitatea sendotzeko, antolakuntza hobetzeko eta komunitate osoa bere inguruan biltzeko.

Nahiz eta arinago txapelketa batzuk ospatu ziren, 1976an berriz antolatzen hasi ziren hondartzako futbol txapelketak, bai senior kategorian, bai ikastetxe mailetan. Garai hartan herrian ez zegoen futbol zelairik, eta futbolean aritu nahi zuenak hondartza zuen jolastokia. Hori zen, ordurarte, Lekeitioko futbolak ezagutzen zuen errealitate bakarra. Txapelketa horrek erabat tokikoak ziren, eta lehiaketa esparrutik harago joateko nahia piztu zen. Horrek ekarri zuen futbol salara jauzia. Futbol zelaia ez izateak bultzatu zuen frontoian jolastera eta 1984-85 denboraldian futboleko federazio lehiaketetan parte hartu zuten lehen aldiz talde moduan. Prozesua presazkoa izan zen, eta jendeak ez zuen ohiturarik diziplina formalago batean aritzeko.

Zehazki hamar urte eman ziren baldintza horietan aritu eta klubaren egonkortasunaren lehen zutabe sendoa iritsi zen arte: 1995eko irailaren 2an Larrotegiko futbol zelaia inauguratu zen, gaur egun Kepa Naberan Kaltzakorta dena. Instalazio berriarekin batera, klubak egitura sendoagoa hartu zuen eta lehen aldiz lau talde federatu sortu ziren infantil, kadete, jubenil eta senior kategorietan. Horrek futbolaren ikuspegi berri bat ekarri zuen, herriko gazteek lehen aldiz futbol 11ko ibilbidea osatuz.

Garai hartatik, klubaren eboluzioa pausoz pauso egin da. Zuzendaritza talde ezberdinak igaro dira, bakoitzak bere borondate onenarekin lanean jardunda. Guztiek utzi dute arrasto bat, sarritan ikusgai ez badago ere, eta klubaren egunerokotasuna egonkortzeko egindako lan isila eskertzekoa da. Eboluzio horretan, aldaketa garrantzitsu bat izan zen klubari identitate propioa ematea: urte batzuk igaro ondoren, klubeko gazte guztiak Lekeitio FTko arroparekin janztea erabaki zen. Ordura arte bakoitzak bere arropa eramaten zuen. Erabaki hark kide eta batasun sentsazioa sortu zuen, eta gaur egun ere klubaren nortasunaren oinarria da.

Gaur egungo lehen taldea A.I

Kirol arloan ere garapen nabarmena izan da. Futbolak berak ere aldaketa ugari izan ditu denbora gutxian, eta kluba ahalegindu da aldaketa horietara egokitzen. Entrenatzaileen prestakuntza indartu da eta lana antolatzeko moduak ere hobetu dira. Teknologia berrien bidez, entrenamenduak eta partidak hobeto aztertzeko modua dute gaur egun talde federatuek, eta horrek eguneroko jarduna aberastu du.

Klubaren historiako mugarri nagusietako bat izan zen lehen taldearen lehen igoera, 1998-99 denboraldian. Herrian sekulako ospakizuna izan zen: taldea kamioi batean igo eta herritik zehar ibili zen jendearekin ospatzen; Udaletxeak harrera egin zien eta plaza bete zen. Momentu hura klubaren historiako altxorretako bat da, komunitatearen eta taldearen arteko batasuna agerian utzi zuena.

Kanteraren lana funtsezkoa izan da hasieratik. Talde desberdinak herriko eta inguruko gazteekin osatzen dira, eta klubak ez du fitxaketarik egiten. Filosofia argia da: futbolariak baino lehen, pertsonak hezi; eta adinarekin exijentzia maila handitu, baina beti garapen pertsonala eta talde lana lehenetsiz. 230 gazte inguruk osatzen dute gaur egun klubaren egitura, 13 taldetan banatuta: 6 federatuak eta 7 eskola-adinekoak.

Azpimarratzekoa da azken urteetan nesken bi talde sortu izana, kadeteetan eta alebinetan. Aspaldi galdu zen emakumezkoen taldea eta orain berriro eraikitzen ari dira, talde horiei egonkortasuna emateko eta etorkizuneko neska jokalariei bide egitea helburu.

Klubeko nesken lehen taldea A.I

Herriarekin duen harremana ere sendoa da. Astebururo zelaira joaten den jende kopuruak eta 1.100 bazkide inguru izateak erakusten du klubaren garrantzia herrian. Lekeitiok bizi-bizirik mantentzen du futbola, kluba eta herriaren inguruko komunitatea.

Etorkizunari begira, Lekeitio FTren bide-lerroa argia da. Epe motzean eta ertainean, klubak ez du bere filosofia aldatuko: gazteei futbolean aritzeko aukera ematea, lagunekin egotea, ondo pasatzea eta kirolaren bidez heztea. Horri gehitzen zaio eguneroko lana hobetzen jarraitzeko nahia, eta emaitzak lagungarri badira, hobe; baina ez dira lehentasuna. 40 urte baino gehiagoko ibilbideak erakusten du bide horrek arrakasta duela.