Aurreko edizioak izandako harrera bikaina kontuan izanda, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun sailak indarrak batu ditu Emakumeak Ahalduntzeko Eskolarekin Lilaguneren tailerren edizio berri bat martxan jartzeko.
Tailerrak doakoak dira, eta aldez aurretik eman behar da izena urtarrilaren 15era arte lilagune@uribekosta.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, 946 76 26 74 telefonora deituz edo 616 470 653 telefonora whatsapp bat bidaliz. Plaza kopurua mugatua da eta gaindituz gero, zozketa egingo da ikastaro bakoitzean izena eman duten emakume guztien artean. Uribe Kostako Mankomunitateko udalerrietan erroldatutako emakumeek izango dute lehentasuna.
Ikastaroak emakume guztientzat daude zabalik. Aurten 4 tailer eskainiko dira, eskualdeko udalerri hauetan: Berango, Lemoiz, Sopela eta Plentzia bana, urtarrilaren 19an hasi eta ekainaren 13ra arte luzatuko direnak.
Informazio osoa duen ikastaroen katalogoa Mankomunitatearen webgune ofizialean dago eskuragarri. Tailerren izenburuak honako hauek dira:
- Ahalduntze feminista gorputzetik (Berango).
- Emakumeok* eroago gaude? (Plentzia).
- Kumbia: feminismo antirrazista groputzetik (Lemoiz).
- Barruan daraman lurra: irakurketa tailerra. (Sopela).
Antzeko programetan bezala, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun sailak martxan jarritako Lilagune proiektu honen helburua emakumeen ahalduntzea sustatzea da, maila indibidualean eta kolektiboan. Ikaskuntza eta kontzientziazio pertsonala erraztea du helburu, baita emakumeen partaidetza soziala indartuko duten sareak sustatzea ere.