Hiriko hainbat auzotan instalazio elektrikoa hobetzeko eta modernizatzeko lanak garatu ditu Barakaldoko Udalak, Udal Zerbitzuen sailaren bitartez. Horretarako 3,7 milioi euroko aurrekontua bideratu egin du 2025ean zehar.
Iaz argiztapen publikoan 1,5 milioi euroko hobekuntzak egin ziren, udalerriko hainbat auzotako kale, plaza, parke, tunel eta oinezkoentzako espazioetan jarduteko aukera emanez, "gauez ere kaleen segurtasuna eta gozamena hobetzeko helburuarekin", adierazi du Asier Umaran Udal Zerbitzuetako zinegotziak. Jarduketa horien barruan sartu dira instalazio elektrikoak berritzea eta egokitzea, hiriespazioetako argiztapena hobetzea eta herritarrek bereziki erabiltzen dituzten eremuak balioan jartzea, espazio publikoaren segurtasuna, eraginkortasuna eta kalitatea handitzen lagunduz.
Honako jarduera hauek egin dira: El Botxo, Ismael Gorostiza, Lorategi Botanikoa, Retuerto plaza, Lope de Vega, Euskadi etorbidea, Sakona plaza, Murrieta, Zumalakarregi, Arrontegi, Bizkai, Errioxa, Arrandi, Landaburu, San Juan, Ibarra, Portu, La Siebe...
Instalazioak prest jartzea
Inbertsio horri beste 2,2 milioi euro gehitu behar zaizkio, Barakaldoko argiteria publikoko instalazioak aztertu, berrikusi eta prest jartzeko. Une honetan kontratazioan dagoen lan horri esker, hiriko gune elektrikoak zehatz-mehatz berrikusi ahal izango dira, Baimendutako Kontrol Erakundearen (KEB) ziurtagiria dutela egiaztatu ahal izango da eta, araudia betetzen ez den kasuetan, erregularizatu ahal izango dira. Kontratu berri hau datozen asteetan jarriko da martxan.
"Argiteria egoera onean izateak hiriaren irudia hobetzeaz gain, funtsezkoa da segurtasunerako, eraginkortasun energetikorako eta herritarren ongizaterako", adierazi du Umaranek.
Gainera, Udalak datozen urteetan argiztapena hobetzeko konpromisoarekin jarraituko du, EVEren dirulaguntzei esker. Dirulaguntza horiei esker, auzoetako argiztapenaren aldaketa integralari ekingo zaio pixkanaka, eta sistema eraginkorragoak, jasangarriagoak eta argi-kalitate handiagokoak bilatuko dira hirian.
"Helburua da aurrera egitea ingurumena gehiago errespetatuko duen hiri-eredu baterantz, energia-kontsumo txikiagoarekin, emisio gutxiagorekin eta hiri-ingurune bakoitzaren benetako beharretara egokitutako argiztapenarekin, aldi berean bizilagunen erosotasuna eta segurtasuna hobetuz", adierazi du Umaranek.