Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Labayru Fundazioak indarrak batu dituzte lankidetza-hitzarmen baten bidez lexikografiaren arloko programak finantzatzeko, baita lurraldeko euskararen corpusa bultzatzeko ere. Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak; Aitor Aldasorok, Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioko zuzendariak sinatu dute akordioa.

Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, "euskararen eta euskal kulturaren aldeko hiru erakundeen arteko elkarlana eta konpromisoa" azpimarratu ditu. Halaber, Labayru Fundazioaren ibilbidea "oso emankorra" dela gaineratu du eta "bizkaieraren lanketari eta bultzadari egiten dion ekarpena handia" dela zehaztu du.

Bestalde, Aitor Aldasorok, Hizkuntza Politikako sailburuak, azpimarratu duenez, "euskalkiak zaintzea, eta kasu honetan, bizkaiera zaintzea, euskara batuaren eta tokikotasunaren garrantzia aitortzea da". Era berean, hitzarmenaren izaera publiko-pribatuan jarri du indarra.

Azkenik, Igone Etxeberriak, Labayru Fundazioko zuzendariak, adierazi du "hiru erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela Fundazioak dituen proiektu garrantzitsuekin aurrera egiteko, zehazki, bizkaieraren lexikografian eta gramatikan: "Euskararentzat eta euskal herriarentzat euskara orokorrari bizkaitarretik egiten diogun ekarpena oso garrantzitsua dela uste dugu, bertako euskarari lekua ematen baitiogu. Egun sarean lexikografia dugu eskuragarri eta, datozen egunetan, gramatika jarriko dugu, hitzarmen honi esker martxan jarritako proiektua".

Hitzarmen honen baitan jasotzen diren ekintzen artean, Labayru Fundazioak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin partekatuko du bere corpusa. Corpus horiek eskuratzeak aukera emango du horiek etiketatzeko, kode irekian oinarritutako ereduak sortzeko, hizkuntza-teknologiak sortzen dituzten erakundeen eskura jartzeko eta hizkuntza-teknologien industria sustatzeko. Horrela, euskara hizkuntzaren teknologietan integratzen eta aplikazioak eta tresnak erabiltzaileen eskura jartzen jarraituko da.

Hortaz gain, Labayru Fundazioak, lankidetzan jardungo du unibertsitateekin eta beste erakunde akademiko batzuekin hizkuntzalaritzaren alorreko ikertzaileak trebatzeko.

Jarraipen Batzorde bat arduratuko da hitzarmenean aurreikusitako jarduerak aztertzeaz eta garatzeaz, eta ordaindutako gastuen jarraipena egingo du.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Labayru Fundazioak sinatutako akordioa lau urterako aurreikusten da, 2025-2028 aldirako. Lankidetza hitzarmen honekin dagoeneko 25 urte dira hiru erakundeek euskal kulturaren alde elkarrekin lan egiten dutela.

Labayru Fundazioa

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskal hizkuntza eta kultura ikertu, sustatu eta zabaltzeko. Helburu horiek lortzeko hainbat arlotan egiten du lan, bai ikerketan, bai dibulgazioan: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia, toponimia...

Gaika antolatuta dagoen Euskal Biblioteka ezinbesteko osagarria da lan horretarako, eta Euskal Herriari, bere hizkuntzari eta inguruko lurraldeei buruzko ondare bibliografiko eta dokumental baliotsua gordetzen du: liburutegia, hemeroteka, dokumentu-artxiboa, argazki-artxiboa, ikus-entzunezko funtsa, kartelak eta bestelako dokumentazioa, besteak beste liburuxkak, pegatinak, egutegiak...

Labayru Fundazioa euskara mintzatuaren erreferentziazko erakundea da Bizkaian. Alde batetik zerbitzuak ematen ditu: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, euskararen erabilera planak. Eta bestetik, ikerketara bideratutako zentroa da, batez ere euskara, literatura, etnografia eta bibliografia bezalako arloetan. Bi jarduerak hertsiki lotuta daude, ikerketaren emaitzek zerbitzuetan dutelako eragina eta argitalpenen oinarria direlako.