Torrezabal Kultur Etxeak ekainera arte luzatuko den neguko eta udaberriko denboraldiko programazioa aurkeztu egin du ostegun honetan. Denbora horretan topagune eta aurkikuntzarako gune gisa duen papera berretsiko du.
Askotariko sortzaile eta sormenak ekarri nahi dira herritarrengana; eta horretarako, bidaia bat proposatzen da musikan, antzerkian, dantzan eta arte eszenikoetan zehar, bai eta adin eta zaletasun desberdinetako publiko guztientzat zuzendutako proposamenak ere.
Ohiko moduan, programazioak tradizioa eta berrikuntza orekatzea bilatzen du, izen ezagunak eta sortzaile berriak uztartuz, jakin-mina pizten duten proposamenekin. Horrela, ikuskizun bakoitza hausnarketa egiteko, emozionatzeko eta artearekiko hurbileko esperientzia bat bizitzeko aukera bihurtzen da. Ordutegiek eta prezioek kulturara eskuratzea errazten diete herritar guztiei, eta tarifa bereziak daude bazkideentzat, adinekoentzat, gazteentzat eta haurrentzat.
Programazio berriarekin, Torrezbalek kultura berriro aurkitzeko gonbita luzatzen du, eskualdeko erreferente eta topagune bihurtu den gune batean. Gaur, urtarrilak 8, osteguna, aurkeztu dute proposamena Edurne Espillak, Galdakaoko Udaleko Kultura zinegotziak, eta Katrin Schlegelek, Torrezbaleko programatzaileak, eta haiekin izan dira Edurne Azkarate eta Oier Guillan, Bi Baso bat ur antzezlanaren zuzendaria eta antzerkigilea (Metrokoadroka Kolektiboa).
Espillak Udalak kulturaren alde egiten duen “apustu argia” azpimarratu du: “Torrezabalek erreferente izaten jarraitzen du, bere proposamenen kalitatea mantenduz”. Modu horretan, “programazio anitza eta bereizgarria” eskaintzea posible dela adierazi du, eta, horrekin batera, galdakoztarren leialtasuna sendotu eta eskualdeko jende gehiago erakartzea.
Bestalde, asmoa Torrezbal Kultur Etxea Euskal Herriko artistentzat “lantoki eta etxe” bilakatzea dela aitortu du; izan ere, esan duenez, eszenatokian “prozesu sortzaile luze baten emaitza ikusteko aukera dago, atzetik lan handia daramana”.
Horren adibide da Metrokoadroka Kolektiboaren (Oiartzun) Bi Baso bat ur lana, ‘Geuretik Sortuak’ programari esker Galdakaora heldu dena. Taldea abenduan zehar aritu da Torrezbal Kultur Etxean entseatzen, eta laster berriro elkartuko dira. Horrek “ilusio handia” pizten die artistei eta “prozesu oso aberasgarria” da haientzat, Azkaratek eta Guillanek esan dutenez. Haien ustez, “hemen entseatu ahal izatea eta astegunetan ere horrelako eszenatoki handia betetzeko aukera izateak eragin sozial handia du”. Antzezlanak alaitasunaren izaera soziala jartzen du erdigunean, eta agerian uzten du minaren ostean alaitasunaren eta umorearen jabe egitea mina gainditzeko eta ahalduntzerako ezinbesteko tresna dela.
Azkenik, Schlegelek programazio osoa azaldu du, eta proposamenaren aniztasuna nabarmendu du, helburua “edonor erakartzea eta bertaratzen diren guztiak eroso sentiaraztea” baita. Horren adibide gisa, Eneko Sagardoyk antzezten duen Vulkano eta Pepe Viyuelaren Encerrona ikuskizunak aipatu ditu, besteak beste.