Baliabide ekonomikoak, antolaketa, gastuak eta beharrak aztertzen ditu, eta zerbitzuaren jarraipena eta kalitatea bermatzeko neurriak proposatzen ditu Sopelako Udalak joan den azaroaren 27ko osoko bilkuran aho batez onartu zuen kirol zerbitzuen eta instalazio berrien Bideragarritasun Planak.
Gaur egun zerbitzua kudeatzen duen BPX Sport enpresaren kontratua ez da bideragarria, eta, beraz, abian da kontratu hori bertan behera uzteko prozesua. Pandemia ondoko egoerak, Ukrainako gerrak eta beste hainbat faktorek kostuak nabarmen igotzea ekarri zuen, egungo lizitazio-pleguak bideraezinak bihurtuz. Horren ondorioz, Udalak, lizitazio berria nola eta zein baldintzatan atera erabaki ahal izateko, kanpoko enpresa bat kontratatu zuen, udal kirol‐instalazioen Bideragarritasun Plana egitea helburu zuen azterlana garatzeko. Herritarrek hilabeteko epea izango dute alegazioak aurkezteko.
Kirol zerbitzuen eta instalazio berrien Bideragarritasun Planak egungo zerbitzuaren kalitatea handitzea aurreikusten du, eta, era berean, hurrengo lizitazioan hobekuntzak proposatzen ditu hainbat alorretan; besteak beste, instalazioen mantenuan zein garbiketan. Horrez gain, kirol instalazio berria eraikitzea aurreikusten da, egungo Abadesoloko instalazioak handituz.
“Sopelan beharrezkoa iruditu zaigu plan hau aurrera eramatea, etorkizuneko egoera ekonomikoa eta antolaketa egokia ziurtatzeko, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko eta Udalaren baliabideak modu arduratsuan kudeatzeko”, adierazi du Unai del Burgo jarduneko alkateak.
Sopelako Kirol Plan Estrategikoaren parte
Sopelako Udalak 2024-2027 Kirol Plan Estrategikoaren baitan kokatzen zen Bideragarritasun Plana egitea, kirol zerbitzuen eta instalazio berrien lizitazio berria ateratzeko lehen urrats gisa. Plan Estrategiko hori kirolaren ikuspegi zabal eta integratzailetik abiatzen da eta Sopelako Udalak kirolaren alorrean abian jarri behar dituen polita publikoak zehaztea du helburu. Gizarte-kohesioa, herritarren osasuna hobetzea eta tokiko ekonomia sustatzea helburu duen jardueratzat hartzen da kirola egitea, eta eginkizun pedagogiko eta hezitzaile garrantzitsua du. Adin guztietako sopeloztar guztiek egunero kirolaz gozatzea lortu nahi da, kantitatea, kalitatea eta kirolarekiko atxikimendua handituz.