Ortuellak eguzki-hondartza berri bat eraikiko du atletismoko moduluan
Jarduketa 87.905 euroan esleitu da
Energia-eredu jasangarriago eta eraginkorrago baterantz aurrera egiteko erronkan, Ortuellako Udalak 87.905 euroko aurrekontua bideratuko du atletismoko moduluan eguzki-hondartza berri bat nartzeko. Azpiegitura berriak 100 kW-eko potentzia izango du, eta urtean 111.000 kWh-ko ekoizpena izango duela aurreikusten da.
Gonzalo Rodríguez Iraunkortasun eta Berrikuntza zinegotziak zehaztu duenez, "proiektu hau beste urrats bat da udalak jasangarritasunaren eta trantsizio energetikoaren alde egiten duen apustu argi eta irmoan".
Instalazio hori udalerrian martxan dagoen bigarren eguzki-hondartza izango da. Gonzaloren hitzetan: "Datozen asteetan hirugarren eguzki-hondartza bat lizitatuko da haurreskolaren estalkian, hau ere 100 Kw-eko potentziakoa, Udalak onartutako Urteko Energia Planaren arabera".
Lehen urratsa Otxartaga ikastetxeko eguzki-hondartzarekin egin zen, hainbat udal-eraikinetan autokontsumorako energia ekoizten ari baita. Bigarren horrek lehendik zaharkitua zegoen beste bat ordezkatzen du, eta hirugarrenak Ortuellako autokontsumorako ekoizpen kolektiboa handitzen jarraitzea ahalbidetuko du.
Udalak egindako ahalegin hori bat dator Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Jasangarritasun Legeak ezarritako helburuekin. Lege horren arabera, administrazioek % 35eko energia-aurrezpena lortu behar dute, eta energia berriztagarrien bidez, gutxienez, kontsumitutako energiaren % 32 ekoitzi behar dute.
"Iaz % 35eko aurrezkiaren helburua lortu genuen, baina kontsumitzen dugunaren % 32ra arteko energia ekoitzi behar dugu oraindik. Zalantzarik gabe, hondartza berri hauekin helburu horretara hurbiltzea lortuko dugu", adierazi du Gonzalok.
Inbertsio horiekin, Ortuellako Udalak berretsi egiten du trantsizio energetikoaren eta emisioen murrizketaren aldeko konpromisoa, aurrezpen ekonomikoa bultzatzen duten eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa sustatzen duten autokontsumo-ereduak bultzatuz.